Menditik dator saria
Joseba Intsausti ordiziarrak irabazi du Ordiziako gazta lehiaketa, Aralar mendian egindako gazta ketu batekin. Hirugarren Olaberriko Aizpea izan da. 53 gazta aurkeztu dituzte. Finalean, hamalautik 9 ketuak zirenAurtengo martxoan, berripaper honetan ber...
Joseba Intsausti ordiziarrak irabazi du Ordiziako gazta lehiaketa, Aralar mendian egindako gazta ketu batekin. Hirugarren Olaberriko Aizpea izan da. 53 gazta aurkeztu dituzte. Finalean, hamalautik 9 ketuak ziren
Aurtengo martxoan, berripaper honetan bertan eman zuen oharra Joseba Intsausti artzainak: «Normalean, mendira joan berritan, aurreneko hamabostaldian ateratzen da lehiaketarako gazta onena. Lehiaketarako, zapore garbienak orduan daude».Esan eta izan. Maiatzaren 3an igo zuen artaldea Zaldibiako Arrumuñoko artegitik Aralarko Esnaurreta saroira; atzo, maiatzaren 13an egindako 1.290 gramoko mendiko gazta ketu batekin irabazi du arloko lehiaketa prestigiotsuena: Ordiziako 43. Latxa Ardiaren Gazta Lehiaketa.
Martxoan Artzain Egunean omendu zuten, eta irail honetan 20. urtea hasi du artzain profesional denetik. Iaz, maiatzaren 11ko beste gazta bat, Espainiako jaki onena aitortu zioten. Gailurreko ikurrina falta zitzaion, Euskal Jaietako aparteko feriakoa. Eta lortu du. Hunkituta jaso du saria, gurasoei eta beste artzainei eskerrak emanez, eta artzaintzan dabiltzanentzat «bizimodu duina» eskatuz. Frontoi osoa zutik txaloka zela irten da.
Bigarren Mausitxa elgoibartarrak egin du (Urrezko Kutxa ikurraren jabe da), eta hirugarren Olaberriko Aizpea gaztandegiak. Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta ere urte «polita» ari dira osatzen. Legazpin, igandean, Gipuzkoako txapela jantzi berriak iritsi ziren Ordiziara, eta Elgoibarko lehiaketa irabaziak dira.
«Ordizian podiuma egitea bakarrik oso-oso ona da. Gaurko eguna ez zen oso egokia gaztarentzat, beroagatik. Bigarren fasean izerdituta zeuden», zehaztu du Eli Arrillagak. «Maila bati eusteko ez da lehenengo saria ateratzea bakarrik, lehen bostetan sartzen jarraitzea ere bai». Martxoaren 9an eginiko gazta zen saritutako, 1.370 gramokoa.
Gazta lehiaketara 53 egilek aurkeztu dute gazta bana: 22 gipuzkoar, 12na arabar eta nafar, eta zazpi bizkaitar.
Finalean hiru goierritar
Goierriko zortzi partaide izan dira, aurten: Ander Barandiaran (Idiazabal), Baztarrika (Gabiria), Arantza Segurola (Legazpi), Pedro Gabiria (Legazpi), Karmele Murua (Segura), Jabier Muñoa (Zerain), Joseba Intsausti (Ordizia) eta Aizpea (Olaberria). Azken laurek ketuak eraman dituzte; denera 18 ziren. Eta izerdituak guzti-guztiak, bero sapa egin baitzuen atzo Ordizian.
Finalera sailkatutako 14 gazten artean bederatzi ketuak ziren. Intsaustiren irabazlea eta Aizpearen hirugarrenekoa, tartean. Karmele Muruarena ere azken fasera igaro da. 26 epailek dastatu dituzte, zortzi mahaitan. Ohi bezala, Juan Mari Arzak izan da epaimahai buru.
Jose Maria Busca Isusi gastronomo zumarragarra oroitu dute, jaio zeneko mendeurrenean. Senitarteko batek jaso du oroigarria. «Hark hasi zuen dena», aitortu dio Arzakek Buscaren lanari.
Andoni Aizpuru telebista-aurkezle gabiriarrak aurkeztu du.
Idiazabal Gaztak, oro har, sari aipagarria jasoko du, aurten. Munduko Gazta Txapelketa (World Cheese Festival) ospatuko da Donostian, azaroaren 16tik 18ra, Donostiako Kursaalen. 3.000 gazta izango dira.












