Idiazabalen jokatuko da igandean 09:30ean; Goierriko Koparako azken proba puntuagarria da
Iazko proba irabazi zuen Aritz Egea da aurtengo faboritoetako bat
Euskal Herriko txapela jokoan jarriko duen Axari Trail mendi lasterketak parte hartzean errekorra beteko du aurten. Idiazabalen igandean jokatuko den probarako 338 korrikalarik eman dute izena, eta 108k Axari Trail txikirako.
Lasterketa hau 2008ko urtarrilean istripuz hil zen Mikel Garmendiaren omenez antolatu da. Mendi lasterketetan, herri kiroletan, eta bestetan ibiltzen zen kirolaria gogoratzeko antolatzen da, berak hain sarritan entrenatzeko erabiltzen zituen mendietan zehar. Axari Trail Mikel Garmendia memoriala lasterketa Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dauden Idiazabalgo mendietan barrena egingo da, bi luzerako bi proba barneratuz.
Bi lasterketak 09:30ean hasiko dira igandean, Idiazabalgo plazan. Ibilbidean aldaketarik ez da. Proba nagusian sei anoa gune jarriko ditu antolakuntzak. Lehena Ojarbitik (3. kilometroan) Hirumugatara (5. km) atzeratu dute, eta Izuzkon jan-edan postua jarriko dute aurten. Hain zuzen, anoa guneen berrantolaketa da berritasuna. Beste kontrolguneak Arteittan (9,1 km), Izuzkon (11,5), Etzegaraten (14,3), Arteittan (18,4) eta Atxurbin (21,3) egongo dira; helmugakoaz gain. Axari Trail bukatzeko gehienez 4,5 ordu izango ditu korrikalariek, eta 25 kilometrotan zehar, 1.550 metroko desnibel positiboa egin behar dute.
Dortsal banaketa bihar egingo da 17:00etatik 20:00etara Idiazabalgo udaletxean. Lasterketaren aurkezpena eta hitzaldi teknikoa ere bertan egingo dira 19:00etatik aurrera, eta 19:45etik aurrera Iñaki Otxoa de Olzari buruzko
Pura Vida filma botako dute. Igandean, 07:30etik 09:00e tara egingo da dortsal banaketa eta 09:30ean abiatuko da lasterketa. Sari banaketa 13:30ean egingo da Idiazabalgo plazan. Amaitzerakoan bazkari herrikoia egingo da Zelaa kiroldegian.
Ugari dira aurtengo proba nagusirako faboritoak. Iaz mutilen podiuma osatu zuten Aritz Egea urretxuarra, Hassan Aitchaou eta Imanol Goñi parte hartzaileen zerrendan daude. Horiez gain beste gizon gogor batzuk ere izango dira: Sestao Alpino taldeko Ismael Razga eta Walter Becerra esaterako. Neskei dagokienez, azkeneko hiru edizioetan Maite Maiora izan da irabazle, baina aurten ez du parte hartu behar min hartuta dagoelako. Beste izen garrantzitsu batzuk dira Aitziber Ibarbia, Maria Zorroza edo Elena Calvillo