Go!azen telesaileko lau aktore goierritarrak
Urrian hasiko da ETB Go!azen telesailaren aro berriko atalak emititzen. 2008an ETB1eko filmarik ikusiena izan zen, eta 2010ean hamabi ataleko telesaila ekoitzi zuen ...
Urrian hasiko da ETB Go!azen telesailaren aro berriko atalak emititzen. 2008an ETB1eko filmarik ikusiena izan zen, eta 2010ean hamabi ataleko telesaila ekoitzi zuen Pausokak. Go!azenek Espainiako Telebista Akademiaren saria jaso zuen haur eta gazteentzako saio onenaren sailean, eta Rose D’Or sari entzutetsuetarako izendatu zuten. Aro berri honetako grabazioak uztailaren 26an hasi ziren, eta hamar atal izango ditu guztira. Gaur Gasteizko FesTVal jaialdian egingo dute lehen atalaren aurre-estreinaldia, 19:30ean.
Basakabi udalekuetako gazteen gora-beherak kontatuko ditu oraingoan ere telesailak, umorea, musika eta maitasun istorioak uztartuz. Gatibu, Ken Zazpi, Zea Mays, Esne Beltza, Vendetta eta Hesian taldeen bertsioak entzun ahal izango dira, besteak beste, eta abesti horiei ahotsa jartzen lau neska goierritar ariko dira: Barbara Rivas (Zumarraga, 1987), Inma Fernandez (Lazkao, 1991) eta Aitana eta Paula Etxeberria ahizpa bikiak (Ordizia, 1997).
Lehen biek Go!azen telesailaren lehen edizioan parte hartu zuten, eta eskarmentua pilatzen ari dira antzerkigintzan, zinean eta telebistan. Rivasek Irati-ren rola beteko
du oraingoan ere, baina lehen aldi horretan Basakabiko ikaslea bazen, orain irakasle gisara itzuliko da. Goenkale-n eta Vaya Semanita-n aritu izan da, eta GI-631 Urretxu-Zumarragako herri operako protagonista ere izan zen Jon Plazaolarekin. Fernandezek, berriz, aurrekoan edizioan bezala Desi-ren papera beteko du. Lazkaotarra Goenkale-n aritutakoa da, eta Aitaren Etxea produkzioan ere lan egin zuen.
Esperientzia berria
Twin Melody izenpean ezagunak diren Etxeberria ahizpa bikiek eskarmentua badute kantagintzan –330.000 jarratzaile dituzte Youtuben–, eta ETBko A ze Banda lehiaketa irabazitakoak dira, baina aktore lanetan lehenengoz ariko dira. Aitanak adierazi du «gustura eta oso pozik» aritu dela errodajeetan, eta harrituta geratu da eszena labur bat grabatzeko egin behar izaten diren toma ugarirekin. Paulari «oso esperientzia polita» iruditu zaio, eta grabazioetan egoten den pertsona kopuruak piztu dio arreta.