Bisurteetan hiru ekitaldi garrantzitsu antolatzen dira: joko olinpikoak, Eurokopa… eta Urretxu eta Zumarragako Txalaparta Eguna. Olinpiadetan kirol guztiez goza daitekeen moduan, Txalaparta Egunean txalaparta jotzeko modu ezberdinez goza daiteke. Aurtengo
Berriketan taldea atzoko saioan, La Pulga dantzariarekin
Bisurteetan hiru ekitaldi garrantzitsu antolatzen dira: joko olinpikoak, Eurokopa… eta Urretxu eta Zumarragako Txalaparta Eguna. Olinpiadetan kirol guztiez goza daitekeen moduan, Txalaparta Egunean txalaparta jotzeko modu ezberdinez goza daiteke. Aurtengo edizioa atzo hasi zen eta bihar bukatuko da.
Berriketan taldearekin hasi zen atzo 2016ko Txalaparta Eguna. Jende asko erakarri zuen emanaldi ikusgarria eskaini zuten. Talde honek txalaparta, euskal sustraiak eta flamenkoa uztartzen ditu. Txalapartariak zestoarrak dira eta flamenko dantzari eta abeslaria, La Pulga, gasteiztarra.
Gaurko kontzertua Zumarragako Piedad kalean izango da, 19.45ean. Juan Mari Beltranek eta Andoni Salamerok eskainiko dute. Beltranek instrumentu tradizionalak joko ditu eta Salamerok olerkiak errezitatuko ditu. Eguraldi txarra egiten badu, emanaldia Zelai Arizti aretoan egingo dute.
Aurtengo txalaparta olinpiadetako egun handia biharkoa izango da. Goizean, 10:00etan, diana joko dute inguruko mendietatik. Ondoren, 12:00etan, haurrentzako txalaparta tailerra egongo da Areizaga-Kalebarren plazan. 12:30ean, kalejira egingo dute Traka-Traka musika taldekoekin eta txalapartariekin. Poteoa 15:00ak arte luzatuko da.
Arratsaldean, 18:00etan Areizaga-Kalebarren plazan, nahi duten guztiek txalaparta jotzeko eta txistorra eta sagardoa dastatzeko aukera edukiko dute. Hori bai, anoa-postua eta ez olinpiadetako maratoilariena!
Gauean, 22:30ean, 4. Txalaparta Jaialdia egingo dute Gernikako Arbola plazan. Bost txalaparta taldek joko dute: Arrasateko Ttakun, Donostialdeko Kimu, Hernaniko Bihotx, Sestaoko Amazur eta Urretxu eta Zumarragako Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa. Aurtengo Txalaparta Jaialdia oso berezia izango da. Izan ere, txalapartariak bertsolarien moduan arituko dira: gaia emanda. Talde bakoitzak sentimendu bati buruz joko du: amorrua, samurtasuna, beldurra… Bukaeran, guztiek elkarrekin sentimendu bera gaitzat hartuta joko dute. Emanaldi hau Salamerok gidatuko du.
Bukatzeko, 01:00etatik aurrera, techno eta txalaparta saioa egongo da Urretxuko Osaba tabernan. Hori bai amaiera ekitaldi ederra! Ezta Rio de Janeirokoa ere! Txalapartariek eta txalaparta zaleek Osaba tabernan egingo duten parrandak kirolariek joko olinpikoen amaieran egin zutena txiki utziko du.