Intxaurrak udazkeneko lehenean
Ari da osatzen hemengo fruituen eskaintza, momentukoa bezain iraunkorra; agertu dira lehen intxaurrak eta gaztainak ugaritzen hasi dira. Denboraldiko lehen gorringoak jarri dira salgai.
Atzokoa, eguraldi egokiarekin eta lagun giro ederrean irailekoak errematatzeko eta udazkenekoei hasiera emateko feria gertatu zen. Eta bertan intxaur berriak agertu ziren zenbait postutan. «Atzo bildutakoak» zioten batzuek, «nik bildu bai, baina lehortzen utzita dauzkat» edo «heze-hezea gustatzen zaionik ere bada, eta bere hortan ekarri ditut» beste batzuek. Aldiz, gutxitan bezala, prezio bakarra zuten: kiloa 5 euroan. Hain urte ona izango ez denaren hotsa ere bai. Eguraldiak izango du azken hitza. Iazkoak oraindik ere salgai aurki daitezke, kiloa 4 euroan. Izan ere, baldintza onetan lehortu eta mantenduz gero, iraupen luzea baitu intxaurrak.
Gaztaina ugaritu egin da eta kiloa 3 eta 4 euro artean zen. Gaztainen inguruan, garai bateko biltze ohiturei buruzkoa jaso genion atzo Zeraingo Klaudio Mendizabali: «Morkotx eta guzti hobeto gordetzen zuten hezetasuna eta noiz nahi jateko moduan izaten ziren martxo ingurura arte». Duela urte mordoxka (40-60 inguru) arbola asko galdu zen eta haiekin batera gaztaina bildu eta jatearen inguruan zeuden hamaika ohitura eta jakituri ere bai: motak, egosia edota erreta egokiago zein geratzen den, gaztain jate inguruko elkartze eta ospakizunak eta abar.
Baratzea eta fruitu arbolak
Sagarrak, bestalde, ugaritzen segitzen dute, eta errege sagar zuria eraman zuten atzo lehen aldiz, kiloa 2,10 euroan.
Udazken hasiera honetan, beraz, sagar, udare, intxaur, hurre, piku, gaztaina… dira aukeran diren hemengo fruituak.
Barazkietan, berriz, piper, tomate, erremolatxa, berenjena, leka, kuia, kuiatxoa, uraza, errukula, azenarioa, azelga, baratxuria, zerba, borraja; baratze batzuetan hasita dauden brokoli, uraza edota azak; eta ia urte guztian dauden tipula, porruak… Horiek guztiak dira nagusiki barazkien atala osatzen dutenak garai honetan.
Eta lekaleetan, babarrun beltz eta txuria nabarmendu behar dira, lekan nahiz aletuta postu askotan salgai.
Lehen gorringoak
Mikologia atalean, hemengoa ez zen arren, denboraldiko lehen gorringoa zuen Lasak (15 kilo) kiloa 30 euroan.Baita 300 kilo on-ddo (12-24 euro kiloa) eta hemengo 2 kilo (30 euro kiloa), 80 kilo zizahori (18 euro kiloa) eta boilur gutxi batzuk (120 euro kiloa) ere.
Piperren hilabetean, Juanjo Martinez de Rituerto Ordiziako Aldasorokoak hartu zuen plazako sukaldearen ardura, piper pintxoak prantatzeko. Eta Barrenako plazan piper erreak erosteko aukera izango da zenbat astez.












