Latxartegin aparkalekurik ez egiteko sinadurak bilduko dituzte Legazpin
Herritar batzuek Latxartegiko parkinaren aurkako plataforma osatu dute, eta datozen egunetan hasiko dute sinadura bilketa. Udalak bilera irekiak egingo ditu herritar eta merkatariekin
Legazpiko Udalak lur azpiko aparkalekua egin nahi du Latxartegiko parkean. Aparkalekuaren obra finantzatzeko, berriz, alboan supermerkatu bat egitea proposatu du. Hori posible izan dadin, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketak egin behar ditu udalak, eta martxan jarri du herritarren parte hartze prozesu bat, ekarpenak jasotzeko. Herritar ugari, ordea, Latxartegiko proiektuaren aurka agertu dira. Plataforma bat osatu dute, eta sinadurak biltzeari ekingo diote datozen egunetan, aparkalekua ez egiteko eskatuz. Momentuz, dozena bat lagunek osatzen dute plataforma.
Plataformako kideek adierazi dutenez, «lehenengo bileran Koldobike Olabide alkateak adierazi zuen proiektuaren aurkako 3.600 sinadura bilduz gero, herri galdeketa egingo duela; sinadurak biltzea da gure aukera bakarra, ez digute beste biderik utzi». Olabidek esan du testuingurutik atera dituztela bere hitzak, baina ez du eztabaidan sartu nahi izan.
Latxartegiko parkingaren aurkako plataformak hainbat arrazoi zerrendatu ditu proiektuaren aurka. «Ikusten dugu ez dela beharrezkoa, paper fabrikan ere egin delako aparkaleku bat eta plazako lur azpiko aparkalekua erdi hutsik egoten delako». Gainera, gehiegizko kostua izango duela eta komertzio txikiari kalte egingo diola adierazi dute.
Bestalde, plataformako kideek uste dute ikerketa serio bat egin beharko litzatekela, herrian aparkaleku gehiago behar diren edo ez aztertzeko. «Azken ikerketa 2008an egin zuten, baina urte batzuk pasatu dira eta herritarren beharrak aldatu egin dira ordutik».
Dagoeneko Aitxuri tabernan daude sinadurak biltzeko hainbat orri. Herriko dendetan ere orriak uztea pentsatu du plataformak, baina oraindik merkatariekin hitz egin behar dute. Herrian zehar mahaiak jartzeko asmoa ere badute.
Parte hartze prozesua
Alkateak garbi utzi nahi izan du parte hartze prozesua datorren astean hasiko dela. Bilera irekiak egingo dituzte, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko proposamen zehatza egingo du Santiago Peñalba arkitektoak. «Behin proiektua aur- keztuta, ikusi egin beharko da zein den herritarren erantzuna», esan du Olabidek.
Lehenengo bilera merkatariekin egingo dute, urriaren 4an, 15:00etan, udaletxean. Egun berean, Agenda 21 foroan landuko dute gaia, 18:30ean. Urriaren 5ean, berriz, herritarrei zuzendutako bilera egingo dute, Latxartegi aretoan, 18:30ean.
Oraingoz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko baino ez da proposamena. Eraikuntza proiektuaren erredakzioa egitea izango litzateke hurrengo pausoa.













