Helduen proba 16:00etan hasiko da. Hiru sektoretan banatuta, ia 9 kilometro egin beharko dituzte korrika, eta 15 bizikletan. Haurren eta gaztetxoen lasterketak jokatuko dira 15:00etan

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko bosgarren proba jokatuko da bihar arratsaldean: Arriarango 8. mendi duatloia. Urtero bezala, 100 bat kirolari espero dituzte lasterketan. 16:00etan hasiko da lasterketa Arriarango plazatik, eta hiru zatitan banatuko da. Lehenengo, 6,5 kilometro egin beharko dituzte korrika. Ondoren, mendiko bizikletak hartu eta ia 15 kilometro egin beharko dituzte Arriarango inguruko mendi bideetan. Lasterketaren azken zatian, bizikletak utzi eta berriz ere korrika egin beharko dute kirolariek, 2 kilometro pasatxo.
Faboritoen artean, Julen Larruzea, Alain Santamaria, Aitor Perez Arrieta zegamarra eta Eneko Gurrutxaga daude. Trigoi taldekoak ere bertan izango dira. Emakumezkoetan, oraingoz, inor izenik eman gabe dago. Sailkapenean lider Zuriñe Frutos doa.
Sariak eta pintxoak
Parte hartzaile guztiek kamiseta eta poltsa bana jasoko dute opari. Beste hainbat opari ere zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean: arkumea, afariak, bazkariak, oilaskoak, kirol materiala, eta uztailaren 9an Beasainen jokatuko den Marimurumendi mendi maratoiko bi dortsal.
Sariez gain, pintxoekin eta edariarekin indarrak hartzeko aukera izango dute Arriaranera gerturatzen direnek.
Antolatzaileek gogoratu dutenez,
www.turesultado.es web gunearen bitartez eman daiteke izena 15 euro ordainduta. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera; kasu horretan 20 euro ordaindu beharko dira.
Aurretik umeen proba
Helduen lasterketaren aurretik, 15:00etan hasita, haurren eta gaztetxoen lasterketak jokatuko dira. Adinka banatuta, luzera desberdineko ibilbideak osatu beharko dituzte, korrika eta bizikletan. Parte hartzaile guztiek jasoko dute saria.