Buruhandi sendia hazi da
Lazkaoko konpartsa sortu berriari lau irudi batu dizkiote. Plaza bete umeren aurrean aurkeztu dituzte buruhandi berriak. Taldea sendotzen jarraitzeko asmotan dira, oraingo 20 lagunak. Jai giroa zabaldu nahi dute.Lazkaoko herriak lau buruhandi gehiago d...
Lazkaoko konpartsa sortu berriari lau irudi batu dizkiote. Plaza bete umeren aurrean aurkeztu dituzte buruhandi berriak. Taldea sendotzen jarraitzeko asmotan dira, oraingo 20 lagunak. Jai giroa zabaldu nahi dute.
Lazkaoko herriak lau buruhandi gehiago ditu. Herenegun iluntzean aurkeztu zituzten, plazan. Lazkao Txiki, astoa, antzara eta Tximista izaki mitologikoa batu zaizkio lehengo sendiari (antzara txikia, amona, arlotea eta otsoa), guztira zortzikoa osatuta.Aurten aurrerapauso handia egin da Lazkaon, buruhandi konpartsa sendotzeko. Bertan bizi den Iker Lekuona tolosarrak bultzatu du eraldaketa. Tolosako Konpartsako kidea da, eta hangoekin ohituta, ez zitzaion batere gustatzen Lazkaoko buruhandi taldea: «Penagarri zegoela iruditzen zitzaidan, haiek ikusten gaizki pasatzen nuen», aitortu du. Otsailean udaleko arduradunekin hizketan hasi zen, eta aldaketa ugari izan ditu jada. Tolosako Konpartsako Iñaki Moyuak egin ditu irudi berriak.
Lehenengoa, buruhandiak erabiltzen dituztenen aldaketa. Jada ez dira neska-mutikoak, 40 urte ingurukoak baizik —denak gizonezkoak, oraingoz—. «Helduak jarri ditugu, eta haientzat arropak egin ditugu. Baita buruhandientzat ere. Eta maskuriak jarri dizkiegu eskuan».
Bestetik, talde bat inguratu eta konpartsa egituratu dute. 20 lagun dira; «bostekin hasi ginen».
Erakusketa eta tailerra
Herenegun ordubete pasa ibili ziren Lazkaoko zortzi buruhandiak, plazan, zirikatzaile. Atzo ere irten ziren, San Migel jaian. Gaur, berriz, haurrek buruhandi-kareten eskulan tailerra dute, 17:00etan, kultur etxean.
Astelehenean, berriz, buruhandi erakusketa zabalduko dute, kultur etxeko aretoan. Urriaren 3tik 14ra egongo da. Hamar-bat herritako buruhandiak jarriko dituzte: Arrosadia, Huarte, Legorreta, Ataun, Urretxu, Etxarri-Aranatz, Deba, Antzuola… Eta Lazkaokoak, noski.
Taldea sortuta, handitzeko eta ekimen gehiago burutzeko asmoa dute. Beti ere, helburu batekin: «Herrian giroa jartzea».












