Olaran eraikinaren inguruko gogoeta
Docomomo erakundeak azaroan Donostian egingo duen biltzarrean Olaran eraikinaren etorkizunaz eztabaidatuko du. Larunbatean, aurrez aurreko parte hartze tailerra egingo dute
Mugimendu Modernoaren ondasun arkitektonikoaren inbentarioa egin, zabaldu eta babesteko helburua du Do.co.mo.mo mundu mailako erakundeak. 1925 eta 1965 urte bitartean sortutako lanen multzoa ezagutzen da Mugimendu Moderno gisa. 1988an sortutako erakundea da Docomomo eta mundu osoan 59 egoitza ditu; Iberiar penintsularen kasuan, Bartzelonan du egoitza. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako delegaritzako ondare batzordearen eskutik, datorren azaroaren 16tik 18ra bitartean, Donostian Iberico IX. Biltzarra egingo dute.
Olaran eraikinaz
Docomomoren biltzarraren barruan, Hiritarren parte hartzea: prestakuntza, informazioa, hedapena atalean, hainbat adituk XX. mendeko arkitektura ondarearen kudeaketa kolektibo baten gidalerroak definitu eta transformazio prozesurako baldintzen oinarriak ezarriko dituzte. Horretarako, Gipuzkoan hiru eraikin hartu dituzte oinarri: Beasaingo Olaran Manufakturak, Irungo Oteiza eta Basterretxea Etxea, eta Lasarteko Kotxe-tokia. Docomomoren esanetan, hiritarren parte hartzea bultzatuz, «ondarearen arazoaren aurrean jarrera proaktibo bat mantentzeko helburua» dute. Politikariek, herritarrek eta teknikariek hartuko dute parte prozesu parte hartzailean.
Azaroaren 16ik 18ra bitartean egingo duten Biltzarraren aurretik egingo den jarduera da, eta lortzen diren emaitzak kongresuan aurkeztuko dituzte gonbidatutako adituekin eztabaidatzeko. «Lortutako emaitzak Gipuzkoa mailako Dokumentu Eragile baten geroko idazketaren oinarri izango dira», zehaztu dute.
Larunbatean, tailerra
Olaranen kasuan, aurre diagnostiko fasearen ondoren, online parte hartze prozesua jarri zen martxan, egindako diagnostikoa egiaztatu eta balioztatzeko asmoarekin. «Horrela, etorkizun desiragarri eta bideragarria definitzeko eta berau eraikitzeko oinarria ezarriko da», dio Docomomok. Larunbatean, berriz, 10:30ean hasi eta 17:30a arte, Donostiako Egia auzoko Reflex Espazioan (Egia kalea, 24. zenbakia), aurrez aurreko tailerra egingo dute.
Docomomok, «Olaranen kasuan zein gure inguruetako ondare modernoan, orokorrean, interesa duen edonor prozesuan modu aktiboan parte hartzera gonbidatu» nahi du, «horrela gogoeta aberastu eta emaitzen biltzarrean azalduko dira». Olarani buruzko dokumentazio zabala www.docomomo2016.coavn.org webgunean dago.













