Odolkiaren egun handia
Beasaingo 32. Odolki lehiaketa eta dastaketa jokatuko da Gernika pasealekuko pilotalekuan. Gaztetxoen odolki pintxo lehiaketa ere izango da. Babarrun janak antolatu dituzte
Bihar izango da odolkigileentzat urteko egunik handienetako bat: Beasaingo 32. Odolki lehiaketa eta dastaketa. Gaur, 16:00etatik 21:00etara bitartean 14 kilo odolki eraman beharko dituzte Bareak elkartera eta bihar, 11:30etik aurrera, Karlos Argiñano sukaldariak zuzendutako epaimahaia odolkiak dastatzen hasiko da. Irabazlearen berri, 13:00ak aldera jakinaraziko dute. Iaz, 13 odolkigilek hartu zuten parte lehiaketan eta Beasaingo Olano harategia izan zen irabazlea. Bi- garren saria ere Beasainen gelditu zen: Iñaki Ormazabalek jaso zuen (lehengo Julian Mujika harategikoak).
Odolki pintxo lehiaketa
Herriko 10 eta 15 urteko gaztetxoek ere protagonismo berezia izango dute bihar, odolki pintxo lehiaketarekin. Etxean aurrez prestatutako odolki pintxoak 10:30erako eraman beharko dituzte Gernika pasealekuko karpara. Pintxoen osagai nagusia odolkia bada ere, osagaiak gehitzeko aukera izango dute.
Babarrun janak
Gero eta ohikoagoa da egun horretan lagun arteko babarrun janak egitea. Herriko bost jatetxeetan (Artzai Enean, Batzokian, Kattalinen, RKn eta Salbato-rhen) babarrunez osatutako menu bereziak emango dituzte 25 euroan. Loinazko San Martin plaza azpian, berriz, herri bazkaria egingo dute, 18 euroan.
Ekitaldi osagarriak
Odolkia protagonista izaten den eguna borobiltzeko, azken bi urteetan irailean Beasainen ospatu den Muturbeltz eguneko hainbat ekitaldi berreskuratuko dituzte bihar. Batetik, Martin karreteroaren gurdia ibiliko da haurrak pasiatzen. Eta bestetik, arratsaldean, 17:30ean, Loinazko San Martin plazan bola jo-koan aritzeko bolatokia jarriko dute. Erromeria ere izango da Muxutruk taldearekin.
Odolki Eguna · 10:00. Gernika pasealekuan, bertako produktuen azoka. · 10:30. Odolki pintxo lehiaketa gaztetxoentzat · 11:30. Odolki dastaketa eta lehiaketa. · 12:00. Martin karreteroa eta haurrentzako paseoa gurdian. · 12:45. Gaztetxoen pintxo lehiaketako sari banaketa. 13:00etan, Odolkietako sari banaketa. · 14:30. Herri bazkaria: babarrun jana, plaza azpian. · 17:00. Erromeria Muxutruk taldearekin, Loinazko San Martin plazan. · 17:30. Bola jokoa, plazan.













