Helburu integratzailearekin, haurrentzako ipuin kontaketa egin dute euskaraz eta arabieraz Ordiziako Barrenan Kulturarteko Topaketa astearen barruan

Ordizian egun hauetan egiten ari den Kulturarteko Topaketa Astearen barruan, Idoia Sanchez eta Maryam Jdira ipuin kontalariak Barrena kultur etxeko liburutegian izan ziren atzo arratsaldean, sei urtetik gorako haurrei euskaraz eta arabieraz ipuinak kontatzen. Aretoan jende ugari elkartu zen.
Kulturarteko Topaketa Astea, Ordizia Kolore Bilguneak deituta, herriko hainbat eragile bildu eta Ordiziako errealitate kulturanitza nabarmentzeko antolatu dute. Egun, inmigrazioaren fenomenoak herritarren artean nahasmena sortzen duen gaia da oraindik. Sarri, ezjakintasuna da nahasmen horren sortzaile, eta baztertezina den errealitatea da hori.

Ipuin kontaketa bi hizkuntzetan egiteak jatorri ezberdina duten pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea du helburutzat. Hala, euskara eta euskal kultura eta Ordiziako jatorri ezberdineko pertsonen hizkuntza eta kultura (arabiera kasu honetan) elkar topatzeko gunea sortu dute ipuin kontaketa saio horrekin. Idoiak eta Maryanek, bi hizkuntzak uztartuz, ipuin kontaketa polita egin zuten. Kanpotik etorritakoak integratu eta euskal kulturara gerturatzea lortzen dute eta, aldi berean, bertakoei, kanpotik etorritakoen hizkuntza eta kultura gerturatzen diete.
Ordiziak 9.879 biztanle ditu. Horietatik %74 Euskal Herrian jaioak dira eta Euskal Herritik kanpo jaiotakoen artean, %12 Espainian jaiotakoak dira, %6 Europar Batasunean eta %8 munduko beste lurraldeetan.
Egitasmo honek, eta euskaraz eta arabieraz egindako ipuin kontaketak zehazki, «hain ezberdinak ez garela» erakusten du; koloreaz harago, han eta hemen, haurrak haur direla, alegia.