Negu giroan jateko, arto opil goxoa aukeran
Inguruko mendietara lehen elurtea iristearekin batera, neguko produktuek udatik zetozenei aurre hartu die.
Oraindik ere negutegiei esker udako piper eta tomateak salgai badira ere, aire librean neguko giroan ondo datozen barazkiak postuz postu nagusitu dira, hala nola aza, brokoli, azalore, bruselaza, borraja, zerba, ziazerba, eskarola… «Bere hortan ere jateko gogoa ematen dute», zioen bezero batek eskarolei begira.
Aldiz, lehen kiwiak jateko oraindik piska bat itxoitea komeni dela esan behar da. Lehen izotzen aurretik bildu behar izaten dira kiwiak, eta jadanik salgai ziren atzo Plaza Nagusiko postu pare batean, kiloa hiru euroan, baina jateko gogorrak daude. Mizpirak bezalatsu. Horiek, berriz, hasi dira usteltzen eta, beraz, jateko puntua hartzen, baina gehienak oraindik gogorrak daude.
Sagar mota berri bat ere aurkeztu zen atzo, fuji izenekoa, Idiazabalgo Amaia Alkortaren postuan: «Oso urtsua eta geza da, ederra bere hortan jateko». Kiloa 2,40 euroan eskaintzen zuen sagarzale idiazabaldarrak.
Arto opila salgai
Beste tentazio mota bati ezin eutsita, arto opila erosten ikusi genuen atzoko ferian jendea. «Nik astero erosiko nuke, esne zopak egin eta ikaragarri gustukoa dut, baina gizendu egiten du eta…» entzun genion Simonari. Julita lagun, asteroko bezero finak dira Maite Iturbe Legazpiko okinarenean. Iturbe hasi da arto opila saltzen; gauean bertan egina, lurrina dariola ekarri ohi du. Jendea eske zuen eguraldi ona izan arren, baina giro hotzarekin hobeto saltzen dela zioen. Arrakasta handia omen du Markinan. Ostegunetan joan ohi da hango merkatura eta arto opil zale asko hurbiltzen zaizkioneko kontua eman zigun. Kiloko sei euroren proportzioan saltzen du, eta inork irina erosi nahiko balu ere, badu, kiloa hiru euroan.
Ehiz kontuei lotuta, orain arteko usoei (7 euroan pieza) eperrak erantsi behar (11 euroan pieza). Lasak zituen salgai. Arkume pare bat ere saldu ziren, kiloa 5 euroan, bizirik pisatuta.
Aspaldiko esaeren bueltan
San Martinen etorrera ere hizpide izaten da: udaldia ekarri ohi du, zerri kontuak ere hari lotzen zaizkio… Baratzuriak ereinda behar dute ere garai honetarako; «Erein nazazu San Martin aintzin bestela geratu naiz ziztrin» dionekoa aspaldikoa da. Baina esanak esan, ahoz aho dabilena da lehen bezala ez zaiola burua egiten orain baratxuriari hemen. Nonbait, bedeinkazioak indarra galdurik izango du.
Joan zen astean aipatzen genuen artzain gehienek goiko larreak utzi eta neguko martxa hartuta zeudela. Hala beharrez, izan ere eguraldiak ondo markatu du garaia. «Urriko hilberrin elurra Aizkorrin» ezaguna da Goierrin. Aurten ezohikoa gertatu da eta urriak bi hilberri izan ditu, 1ean eta 29an. Asko itxoin gabe Aizkorri eta Aralar zuriz jantziak agertu dira. Hala den kasuetan, zazpi hilberriz irauten omen du joerak. Denbora izango dugu lekuko. Eta gertaera ororen marka ageriko da asteroko ferian ere.












