Mantala No proiektua atzean utzi eta Jimmy Muellesen izenarekin itzuli da Ander Jimenez Beasaingo kantari bakarlaria. 'Ladridos de pajaro' diskoa kaleratu berri du berak sortutako hamar kanturekin.

Jimmy Muelles
Bi ezizenekin Ji-mmy eta Muelles osatua du izen artistikoa Ander Jimenez beasaindarrak. Duela 12 urte, herriko Pikuondo etxe okupatuan egin zuen lehenengo kotzertua Jimmy Muelles bakarlariak, baina gerora, azken urteetan, Mantala No proiektuarekin aritu da Ibai taldekidearekin batera. Orain, Mantalo No atzean utzi eta ibilbide berria hasi du Jimmy Muellesek.
Ibilbide berri horretarako hamar kantuz osatutako disko berria kaleratu du:
Ladridos de pajaro. «Mantala No kantautore punka zela esan daiteke, eta Jimmy Muelles melodiosoagoa da», dio kantari beasaindarrak. Gitarra flamenkoari eta ahotsari, txeloa eta tronpeta gehitu dizkio diskoan. «Musika lasaiagoa da, landuagoa,
arpeggio gehiago ditu. Txeloarekin eta tronpetarekin, inoiz baino kantautoreagoa da», nabarmendu du.
Musikaz gain, letrak ere berak sortuak dira. Maitasun kantuak ere idatzi baditu ere, batez ere kritika soziala egiten du bere hitzekin. Damu bat badu, dena den, diskoan euskarazko abestirik ez sartzea: «Nire ama hizkuntza gaztelera da eta gazteleraz idaztea ateratzen zait. Euskaraz baditut hiruzpalau abesti, baina ez ditut diskoan sartu, ez dakit zergatik. Damututa nago. Erdaraz pentsatzen dut eta ez zait euskaraz ateratzen».
Autoprodukzioa
Autoprodukzioa da Jimmy Muellesen lan berria, «baina Idiazabalen grabatu dut, Arkaitz Carrascoren estudioan. Oso on-do dago. Inoiz ez dut eduki, hain soinu onik. Beste diskoak ordenagailuan grabatu ditut. Soinua profesionala da oraingoa».
Bost euroan jarriko du salgai diskoa Beasaingo Xuber eta Irizar tabernetan, eta Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeetan.
Kontzertua ostiralean
Lan berria aurkezteko kontzertuak lotzen ari da. Ostiralean, Lakuntzako (Nafarroa) kultur etxean, 22:30ean, Ordiziako Zesura rap taldearekin batera ariko da. Jimmy Muelllesen 140. kontzertua da Lakuntzakoa.