Majori kiroldegiaren etorkizuna herritarren parte hartzearekin diseinatuko dute
Majori kiroldegiko erabiltzaileek hilaren 25era arte eman dezakete beraien iritzia. Egiten dituzten ekarpenek ideia lehiaketarako oinarriak ezarriko dituzte
Ordiziako Udalak Majori kiroldegiaren azpiegituren etorkizuna definitzeko prozesu parte hartzaile bat jarriko du martxan. Jose Migel Santamaria alka-teak, Bittor Bolinaga kiroletako zinegotziak eta Odilo Rivela Majori kiroldegiko gerenteak herritarren laguntza eskatu dute ikuspuntu edo iritzi desberdinen berri izateko. Ekarpenak jaso ondoren, «ahalik eta pertsona gehienen beharrak» asetzen saiatuko direla adierazi zuten, atzo Majorin egindako agerraldian.
Udaleko arduradunek Majori kiroldegiko eraikinak gaur egun dituen beharrak identifikatu nahi dituzte. Horretarako, partaidetza prozesu ireki bat ipini dute martxan, azpiegitura horrekin lotura duten pertsonek eta erakundeek parte har dezaten, hau da, erabiltzaileek, kirol elkarteek, ikastetxeek eta abarrek. «Majori kiroldegiaren etorkizunaren ildo nagusiak definitzeko agente guztien iritziak ezagutu behar ditugu eta arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa batera bideratu nahi ditugu ekarpenak, proiektu batean islatu ditzaten» adierazi zuen Santamariak. Horretaz gain, datozen urteetarako helburua «guztientzako balio duten instalazio batzuk izatea» dela argitu zuen alkateak.
Ideia Lehiaketa
Ekarpenak, aurrerago antolatuko den ideia lehiaketarako lan oinarri izango dira. Ideia lehiaketaren formatuaren bidez, Majori pertsona guztientzako gune bat izatea da asmoa, erabiltzaile mota guztiei eta kirol modalitate zabalari ahalik eta zerbitzu onena emateko diseinatua eta, garai berriek eskatzen duten moduan, era logiko eta iraunkor batean proiektatua.
Ekarpenak, kiroldegiko harrera bulegoan edo interneten, Majoriren webgunean edo Udalaren webgunean, erabilgarri dagoen galdetegia betez egin daitezke. Parte hartzeko epea hilaren 25ean amaituko da.
Kirol azpiegituren mahaia
Majoriren beharrak definitzeko kirol azpiegituren mahaia osatuko dute. Lantaldea, zozketaz ateratako lau erabiltzailek, kirol elkarteen ordezkariek, teknikoek eta politikoek osatuko dute. Parte hartu nahi dutenek hilaren 25a dute izena emateko azken eguna, komunikazioa@ordizia.eus e-postara izen-abizenak eta telefonoa bidalita.













