Mendi Duatloia aurrenekoz, Zegaman
Zegamako mendiko duatloiaren lehen edizioa egingo dute bihar arratsaldean. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izango da. Zegamako taldeak garaipena oso eskura du
Bihar arratsaldean Zegamako mendi duatloiaren lehen edizioa egingo dute. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izango da, gainera. Duatloia 15:00etan hasiko da. 80 bat lagunek parte hartzea espero dute. Hasteko, lauzpabost kilometro egingo dituzte korrika. Bizikletako zirkuituak zazpi kilometro izango ditu. Bi itzuli emango dizkiote. Bukatzeko, kilometro pasatxo egingo dute korrikan herri inguruan. Bizikletako zirkuitua motza izango da, txirrindulariek ibilbide osoan zehar ikusleak izan ditzaten.
80 bat duatloilarik parte hartzea espero dute. Irabazlea 16:20a aldera helduko da helmugara. Azkena, berriz, 17:30a aldera iritsiko da. Ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Bukatzeko, ostatuan afaria egingo dute eta denboraldi amaierako opariak banatuko dituzte. Dagoeneko 60 lagunek baino gehiagok eman dute izena afarian.
Aurtengo Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko sailkapenak bihar erabakiko dira. Gizonezkoen artean, Alain Santamaria errioxarrak txapela eskuartean du ia. Emakumezkoei dagokienez, txapela Zuriñe Frutosek jantziko du.
Perez Arrietaren iritzia
Aitor Perez Arrieta zegamarra lider joan zen, baina dagoeneko ez du sailkapen nagusia irabazteko aukerarik. «Beasaingo proban Santamaria erretiratu egin zen, baina lidergora heltzea lortu du. Gaztetan atletismoa egin zuen eta, txirrindularitzari dagokionez, profesional mailara pasatzeko zorian egon zen. Gainera, ez dut proba guztietan parte hartzerik izan».
Taldeka, ordea, Zegamako Elkartu Nahi taldeak Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua irabazteko aukera handiak ditu. «Proba baten faltan, Tolosakoek baino bi puntu gehiago ditugu. Nagusitzen den taldeak 10 puntu lortzen ditu eta bigarrenak 9 eta orain arteko proba guztietan lehen edo bigarren postuan gelditu gara. Txapela herrian bertan janztea oso gauza polita izango litzateke», azaldu du.













