Aldundiak bukatu du baserri bideak konpontzeko 2016ko laguntza plana
Goierrin 19 herritako 43 bide berritu dituzte udalek eta aldundiak. Denera 566.000 euro jarri ditu aldundiak. 2017an eta hurrengo ekitaldietan ere laguntza ildoak izango diraBaserri bideak konpontzeko foru programak eman du aurtengoa. Aldundiaren Ekono...
Goierrin 19 herritako 43 bide berritu dituzte udalek eta aldundiak. Denera 566.000 euro jarri ditu aldundiak. 2017an eta hurrengo ekitaldietan ere laguntza ildoak izango dira
Baserri bideak konpontzeko foru programak eman du aurtengoa. Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak bukatutzat eman du 2016ko laguntza deialdiaren programa, Iñaki Labaka Lurralde Orekako zuzendariak atzo Ataunen egindako agerraldiarekin. Udalek gaur dute proiektuak amaitzeko eta justifikatzeko azken eguna.Guztira, Gipuzkoako 74 herritako 148 baserri bide konpontzen (90 km) 3,8 milioi euro inbertitu dituzte udalek eta aldundiak. Aldundiak 2 milioi jarri ditu, Landagipuzkoa+ programatik. Goierrira 566.000 euro iritsi dira, 19 udalek aurkeztutako 43 proiekturi laguntzeko. «Diru laguntza banaketa oso zabaldua izan da. Proiektu bakarra geratu da lagundu gabe, Itziarkoa, eta hura eskaera gaizki egiteagatik», azaldu du Labakak.
Lurralde orekan, «Europan desoreka gutxien duen eremua Gipuzkoa izatea» nahi du aldundiak, zerbitzu aldetik hiriguneen eta landa guneen arteko aldea murriztuta. Zerbitzu integralak bizilagun guztientzat nahi ditu, eta biztanleriari eustea.
Lau lan ildo martxan
Landagipuzkoa+ programak lau lan ildo ditu. Bi Gipuzkoa osora zabalduak dira: baserri bideak konpontzea, eta nekazaritzako elektrifikazioa (transformadoreak, hariteria…) berritzea. Beste biak 2.500 biztanlez azpiko herrientzat dira: komunikazioko banda oso azkarra ezartzea, eta ekonomiarekin edo lanpostuekin lotutako zerbitzuak sortzea.
Atzo, Ataunen, Urrutsumendiko Bordagazteluberri baserrirako bidea asfaltatzen ikusten izan ziren foru eta udal agintariak. 400 metro berritu dituzte, lehen harri-txintxarrezkoa zen. «Baserri bide berri gisa hartu dugu hau. Bi atal bereizi dira: lehenengo aldiz zorua eman zaienak, hormigoiz ala asfaltoz; eta lehen zeukatenak konpontzea».
Ataunek 30 kilometro herri bide ditu. Lehen hormigoitu edo asfaltatu gabeek izango dute lehentasuna aurrerantzean, Rodriguez alkateak esan duenez.












