Ama sagardo aparduna bigarren urtez ekarri dute Zeraindik; txistor usainarekin nahastuta, plaza guneko giroa berotu du ederki.
Kosta zitzaion esnatzea; Santa Lutzi feriaren biharamona ote zen aipatzen zuten saltzaileek umorez. Kontuak kontu, goizeko 11:00ak aldera oso giro polita sortu zen. Ordurako salduak ziren ikusmina sortu zuten lehen udaberriko zizak
Calocybe gambosa, gutxi baino oso estimatuak. Kiloa 160 eu-roan zen, eta proportzioan 70 gramo; gutizia!.
Atzo onddoak eta esnegorriak osatu zuten mikologia eskaintza. Bukatutzat eman daiteke aurtengo denboraldia. Bilan baikorrik ez du egin kopuru handiena saldu ohi duen Mikel Lasak: «Ez da, ez, urte emankorra izan. Gutxi izan da aurten, eta ekarritakoa saldu eta hiruzpalau ferietan bakarrik ezer gabe gelditu gara», adierazi zigun.
Arkumearen prezioa
Arkumearen prezioak, berriz, bere gorengoa oraintxe du. Aste honetan eta hurrengoan denboraldiko prezio altuena izango du arkumeak: kiloa 5,28 euro (BEZa barne) bizirik pisatuta. Hainbat artzain profesionalek bat hartu eta enkantean finkatutako prezioa da hori, astero etxez etxe bilduak izango diren arkumeentzako.
Amaren arrakasta
Iaz aurkeztu zuten Oiharte sagardotegiko Maite Retolazak eta Aritz Egurenek Ama sagardo aparduna. Egindako ekoizpen mugatuko 1.000 litroak laster saldu zituzten eta aurten 4.000ko apostua egin dute. Botila 10 euroan edota 6 botilako kaxa 57 euroan salgai dute. Atzo Ordizian kopa finetan dastatzera eman zuten.
Sagar zukua ere salgai dute. Hilabete barru sagardo denboraldiari hasiera emateko ere prestatzen ari dira ia.
Gabon izeiak eta mihura
Duela urte batzutatik honera ikaragarri jaitsi da izeiak Gabonetan apaingarri gisa erabiltzeko ohitura. Hala ere, gutxi batzuk urtero salgai izaten dira eta atzo Lasak zituen, 30 euroan bakoitza, Normandiako motakoak zituen salgai. Mihura adarrak ere bai, postu ezberdinetan, bi euroan sorta.
Bestalde, adierazi Gabonetako feria berezia 2016. urtea agurtuko duena izango dela, Inuxente egunarekin bat egingo duena alegia, hilaren 28koa.