Lazkaoko Moskorrak mus txapelketaren 35. ekitaldia bihar jokatuko da. Iazko hutsunearen ondoren, talde gazteagoak hartu du antolakuntza. Ehun-bat muslari bikote joan ohi dira

Musaren lehengo –Zunzunegi, Aldasoro– eta oraingo –Sarriegi, Aizpurua– antolatzaileak. // Argazkia: Aimar Maiz
Lazkaoko Moskorrak mus txapelketa antzinakoak bihar beteko du 35. ekitaldia. Iaz ez zuten antolatu, baina errelebo aldaketa egin eta talde gazteago batek ardura hartu ondoren, jarraitzeko indarberrituta itzuli da.
1982an antolatu zuten lehenengoa,
Egin egunkariaren alde, eta San Prudentzio eskolako jolastokian izan zen. Harrezkero etenik gabe egin zen 2014ra arte. Urte batean bi aldiz ere bai, 2003an, Kilometroak ospatu zenean. «Urtetan kuadrilla bat aritu gara Moskorrak antolatzen. Orain talde berria sartu da, nahiz eta oraindik lagunduko diguten», dio Aitor Sarriegik.
Gerriko eta Esparru elkarteak, eta beste taberna batzuk hartuko dituzte, bihar ere. Azken aldian urtean ehun-bat bikote partaide izaten dituzte. «Gutxiena 83 da, errekorra 149. Azkeneko lehiaketan, duela bi urte, 92 izan ziren. Urte askoan 120-130 bueltan ibili ginen», dio Martin Aldasorok. Muslari asko kanpotik etortzen da Lazkaora. Gogoan dute Urduñako bikote bat, beti etorri ohi zena. Hil ziren, ordea. Antolakuntzan bezala, jokalarietan ere belaunaldi aldaketa izan da.
Antolatze lana, aurretik
Irailean hasten dira mus txapelketa antolatzen. Esku-orriak Tolosa-Legazpi bitarte osoko tabernetan banatzen dituzte, «egun horretan hau dagoela adierazteko, besterik antola ez dezaten».
Goierri, Sakana eta Gipuzkoa gehienean jartzen dituzte kartelak. «Lehen herriz kanpo laguntza asko geneukan. Baina orain ere auzolaneko gai bat da. Herrietan ahoz aho zabaldu da».
Musaren inguruan, eta diru zorrik ez egiteko —2.250 euro banatzen dituzte diru saritan, gehi babesleek jarritako opariak—, errifa ateratzen dute. Lana egina dago; jolasa eta jokoa, bihar.
MOSKORRAK MUS TXAPELKETA
· Non. Gerriko eta Esparru elkarteak (Lazkao)
· Noiz. Bihar
· Ordua. 16:30ean.
· Izen-ematea. 15:30ean, Gerriko elkartean.
Bikoteko 30 euro.
· Jokoa. 8 erregetara
· Sariak: 1. Txapelak eta 1.200 euro.
2.a, 600 euro; 3.a, 300; 4.a 150; 5.a bi arkume;
6.a, bi ardo kaxa; 7.a, bi oilasko eta bi botila ardo; 8.a, bi tarta.