Goizean enkarterri astoen erakusketa, kalifikazio ofiziala eta Gipuzkoako lehiaketa izango dira, plazan. Eguerdian, 'Egiptorako ihesa' antzerkiak 30. ekinaldia izango du

Lazkaoko Astotxo festak 365 urte beteko ditu, igandean. 1652an du jatorria, Maria Lazkaokoak Santa Ana komentuko elizan Bibliako Egiptoko ihesaren pasarteko irudiak jarrarazi zituenean. Jesus eta gurasoak bigarren planoan geratu ziren, ordea, eta astoak bereganatu zuen lazkaotarren miresmena. Igandean, goiz osoko festa eskainiko diote.
Irudiak ikusi nahi dituenak, aukera izango du Santa Ana elizan. Gaur egungo eskulturak ez dira jatorrizkoak, hala ere. Amabirjinarena eta haurrarena 1770ekoa da, San Joserena 1883koa. Berriena Astotxoaren irudia da: 1897an egin zituen Ponz artistak.
Zistertarren kongregazioak du tenpluaren eta komentuaren ardura 1718ko azaroaren 8tik. Gari irinez egindako obleak ere salduko dituzte, eguneko beste tradizio bati jarraipena emanez.
Gainontzean, ohi bezalako egitura izango du festak. 09:00etan plazan Gipuzkoa osoko astoak jarriko dituzte, An-tsoategik antolatua. Herrian barrena desfilea egingo dute asto, gurdi, txistulari eta guzti.
11:00etan, enkarterri astoaren kalifikazio ofizialak emango dituzte albaitariek. Lehendik izendapena dutenekin eta egunean bertan lortutakoekin, Gipuzkoako 18. Enkarterri Asto Lehiaketa izango da gero. Ar eta eme onenei zintzarri bana oparituko diete.
Igandean 80-100 buru bitartean izango dira Lazkaon. Eguraldi lehorra egingo duenez, baliteke gehiago ekartzea astozaleek. Partaidetza altua espero dute.
Antzezpenaren 30. aldia
Ekitaldi berezia izango duen beste bat
Egiptorako ihesa kale antzezpena da, 30. aldiz egingo baitute. 1988an egin zuen lehenengoa, Zawopi aisialdi taldeak.
Aurrena, Astotxo Txikia izango da, 110 umetik gora partaide direla. Inoizko kopuru altuena da, «kopuruetan indarra hartzen» ari den seinale. 13:00ak aldera,
Egiptorako ihesa hasiko da, 125 bat antzezle eta figurante herritarrekin.
Antzerkiaren egileek, zuzenean parte hartzen duten 125 bat lagunez gain, atzean lan egiten dutenak goraipatu dituzte: jantziekin, animaliekin, muntaiarekin laguntzen duten boluntarioak.
Egitaraua:
- 10:00: Asto diana, herriko kaleetan zehar.
- 11:00: Meza Zistertar mojen komentuan, Lazkao koruarekin.
- 12:00: Gipuzkoako 18. Enkarterri Asto lehiaketa. Asto ar eta eme onenei sariak. Plazan.
- Goizean: Asto erakusketa, kalifikazio ofiziala, asto gurdiak, salda, trikitilariak, txistulariak.
- 12:30: Astotxo Txikia antzezpena, haurrek.
- 13:00: ‘Egiptorako ihesa’ kale antzezpena, Lazkao Txiki Zelaian.