
Ordiziako Udaleko kultura sailak, Victor Mendizabal fundazioaren bidez, Victor Mendizabal Ordizia IV. ikerketa bekarako deialdia ireki du. Bekak kultura eta hezkuntza arloa sustatzea du helburu, eta Ordiziari buruzko ikerketak bultzatzea. Beka deialdia bi urtetik behin egiten da.
Historia, artea, ondarea, arkeologia, geografia, ekonomia, soziologia, etnologia, hizkuntza, literatura, folklorea, turismoa, abelzaintza, industria, biologia nahiz ingurumena; lanak edozein arlo edo gaikoak izan daitezke. Bekaren helburua da natur, giza eta gizarte zientzien arloan ikerketarako ohitura sustatzea. Azterketaren muina edozein izan daiteke, ardatz nagusia Ordizia eta bertako jendea den bitartean.
Bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da eta 7.000 euro banatuko dira. Bakarrik nahiz taldeka aurkeztu daiteke bekara eta ikerketa lanak originala eta bakarra izan behar du.
Eskaerak egiteko epea
Eskaerak otsailaren 28ra arte aurkeztu daitezke. Horrekin batera, proiektuaren oinarrizko gida-lerroa, metodologia eta unitate analitikoak, eta lana zein hizkuntzatan aurkeztuko den zehazten duen proiektuaren memoria-sintesia aurkeztuko da. Epaimahaia Ordiziako Udaleko kultura sailak hautatuko du.
Interesa duten pertsonek udalaren webgunean aurkituko dute informazio gehiago (www.ordizia.eus) edo 943 80 56 30 telefonora deituta.
VICTOR MENDIZABAL BEKA
Orain arte emandakoak
2010. Jon Ander Ramos eta Marcelino Irianni: Victor Mendizabal, Un faro en la tormenta.
2012. Adur Ezenarro: Domingo Unanue (1901-1985), arkitektoa.
2014. Nerea Iraola, David Cano eta Ion Ander Artzelus: Ordiziako hiribildua eta azoka, bostehun urte elkarrekin.