Aralarko ganaduzaleek «lan baldintza duinak» eskatu dituzte Zaldibian
Ganaduzaleen lana «gizarteratu» eta «balioan jarri» behar dela azaldu dute artzainek eta nekazal sindikatuetako ordezkariek. Ganadu erakusketa, musika eta jan-edana izan dira ekitaldianAralar denon ondare lemapean, artzain, abeltzain eta ganaduzale...
Ganaduzaleen lana «gizarteratu» eta «balioan jarri» behar dela azaldu dute artzainek eta nekazal sindikatuetako ordezkariek. Ganadu erakusketa, musika eta jan-edana izan dira ekitaldian
Aralar denon ondare lemapean, artzain, abeltzain eta ganaduzaleek beraien lana gizarteratzeko ekitaldia egin zuten larunbatean Zaldibian. Nekazaritza sektorea «balioan» jartzeko beharraz hitz egin zuten eta baserritarren eta kaletarren arteko gaizki ulertuak ekidite aldera, «zubiak eraiki» behar direla azaldu zuten.Ekitaldiari sarrera eman zioten bertsolariek ere, elkar ulertzearen aldeko mezuak bota zituzten, pisten gaiak sortu duen eztabaidaren jakitun. Telleriak esaldi batean laburbildu zuen bere jarduna, «hitz egin eta konpondu ezin den gauzarik ez dago eta» esanaz.
Artzainek eta nekazal sindikatuetako ordezkariek egindako mahai-inguruan, artzainek ingurunea mantentzen egiten duten lana azpimarratu zuten eta haientzat «lan baldintza duinak» eskatu zituzten. Hala esan zuen Ipar Euskal Herritik etorri den Panpi Sainte Marie, ELBko idazkari nagusiak: «Kaletarrekin banaketa bat bada, baina zubiak eraiki behar ditugu, gure aliatuak direlako eta ez etsaiak; azken batean, haiek dira gure bezeroak; ekonomia sustengarri bat izateko beharrezkoak ditugu».
Aritz Ganboa artzain nafarrak ere «gogoeta sakon» baten beharraz hitz egin zuen. «Ez dugu ahaztu behar egunean gutxienez hiru aldiz behar ditugula nekazariak, eta ez dugu sektore bezala merezi dugun errekonozimendurik». Josu Oiartzabal Enirio-Aralarko artzainak ere «naturaren zaintzan» artzainek egiten duten lana aipatu zuen, «bai goi mendietan, baina baita herrietako larreetan eta paisaian ere». Horregatik, kaleko jendeari, «elkarlan batean, gure egitekoa beharrezkoa» dela azaldu behar zaiela uste du.
Enba sindikatuko Iñaki Goenagak, «baserritarrak eta gizartea gero eta urrutiago» daudela azaldu zuen eta «elkarri gero eta errespetu gutxiago» diotela. Nekazari eta abeltzainen lan baldintzak izan zituen gogoan: «Gizarte guztia aurrera doan bezala, guk ere aurrerapena behar dugu, ezin dugu duela 60 urte bezala lan egin, guk ere bizimodu duin bat nahi dugu».
Garikoitz Nazabal EHNE sindikatukoak «kohesio soziala» eta nekazarien eta kaletarren arteko «errespetua» aipatu zituen. «Elikadura burujabetzaren bidean zerbait behar bada, baserritarrak behar dira». Familietan oinarritutako eredu bat defendatu du, «tokiko agenteekin elkarlanean» aurrera eramango dena.
Gainontzean, festa giroko ekitaldia izan zen Zaldibiakoa. Ganadu erakusketa, trikitilariak, bertako behi haragia eta gazta pintxoak jarri zituzten. Jende ugari gerturatu zen Zaldibiara, tartean, artzain, ganaduzale eta sektoreko aurpegi ezagunak.












