Taldeentzako bi aldagela berritu eta led argia jarri dute Antzizar kiroldegian
Aurrerago beste lau aldagela ere egokituko dituzte. Energia aurrezteko argiteria aldatu dute pabilioi nagusian eta igerilekuan. 45.000 euro pasako kostua izan dute egokitzapenek
Beasaingo Udala hainbat berrikuntza egiten ari da Antzizar kiroldegian, «kiroldegiko erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzen jarraitzeko» helburuarekin.
Batetik, taldeei zuzendutako bi aldagela berritu eta egokitu dituzte. Zorua eta paretak berri-tzearekin batera, komunak eta dutxak handitu eta ezintasun fisikoak dituztenentzat egokitu dira, «kirol ekipamendu irisgarriagoak egiteko helburuarekin». 43.660 euroko kostua izan du aldagelak egokitzea.
Aurrera begira, aurten beste lau aldagela ere berrituko dituztela aurretu du Beasaingo Udalak.
Led argiteria
Bestalde, energia aurrezteko planarekin jarraituz eta energia kontsumoa murrizteko helburuarekin, kiroldegiko argiteria ere aldatu dute: pabilioi nagusian eta igerilekuan; led argiak jarri dituzte. Lan horren kostua 11.784 eurokoa izan da.
Kanpoko lorategia
Udala herriko lorategiak txukuntzen ari da pixkanaka, eta azken egunetan, Antzizar kiroldegiaren atarian dagoena berritu dute. Korten altzairuarekin inguratu, lurrez bete eta loreak jarri dituzte. Kanaberaz egindako baranda ere jarri dute lorategian. Eskaileran, berriz, baranda bana jarri dute bi aldeetan.













