Goierritarren garaipen bat eta bi porrot bertsolari txapelketan
Urretxu eta Zumarragako Simimimisol taldea Lasarte-Oriakoari nagusitu zaio. Goierri beheko Ebie ai do! taldeak eta Legazpiko Bertso Olariak galdu egin duteGipuzkoako herri arteko txapelketan parte hartzen ari diren Goierriko sei taldeetako hiruk astebu...
Urretxu eta Zumarragako Simimimisol taldea Lasarte-Oriakoari nagusitu zaio. Goierri beheko Ebie ai do! taldeak eta Legazpiko Bertso Olariak galdu egin dute
Gipuzkoako herri arteko txapelketan parte hartzen ari diren Goierriko sei taldeetako hiruk asteburuan saioa jokatu dute. Urretxu eta Zumarragako Simimimisol taldea Lasarte-Oriakoari nagusitu zaio. Beasain, Ordizia, Legorreta eta Zaldibiko Ebie ai do! taldeak eta Legazpiko Bertso Olariak taldeak galdu egin dute.Urretxu eta Zumarragako Simimimisol taldeko Maialen Akizu, Mikel Iturriotz eta Gorka Azkarate bertsolariek irabazi egin zieten ostiralean Lasarte-Oriako Unai Muñoa, Ane Labaka eta Asier Azpirozi. Goierritarrak 13 eta 11 nagusitu ziren.
Gaijartzaile lanetan Sara Bidarte aritu zen eta saioak jende dezente erakarri zuen. Azkarate gustura ageri da. «Saio bizia eta arina izan zen. Bertsoaldi on asko eta kolpeak ere bata bestearen atzetik, agur umoretsuen ostean».
Lasarte-Oriako taldeak Pirritx eta Porrotxen kantez osatu zuen agurra, mozorro eta guzti (Porrotx bertakoa da). Zumarraga eta Urretxukoek, berriz, Manu Chao kantariaren Clandestino abestiaren doinuei segika egin zuen agurra.
Simimimisol taldearen hurrengo hitzordua ostiral honetan izango da, Aian, bertako taldearen aurka. Bertso afaria egingo dute Andatza auzoan, 20:30ean. Hango emaitzaren arabera erabakiko da hiru talde horietako zein sailkatuko den Herriarteko Bertsolari Txapelketako hurrengo faserako.
Legazpiarrak
Legazpiko Bertso Olariak tal-deak, berriz, Azpetitiko Erniarraitz 1 taldearekin neurtu zituen indarrak. Azpeitiarrak nagusitu ziren, 14 eta 10. Talde honetako hirugarren taldea Oiartzungoa da eta oiartzuarren eta azpeitiarren arteko saioa ere azpeitiarrek irabazi zuten. Hala, ia sailkatuta daude.
Izan ere, sailkapena ez du saio gehien irabazten dituenak lortuko, baizik eta bi saioetan puntu gehien lortzen dituenak. Saio bakoitzean zortzi ariketa eta hiru epaile daude. Ariketa bakoitzeko epaile bakoitzak puntu bat ematen duenez, saio bakoitzean 24 puntu banatzen dira.
Legazpiarrek sekulako jipoia eman beharko liekete oiartzuarrei hurrengo fasera igarotzeko. Sailkatzea oso zail duten arren, gustura ageri dira. «40 bat lagun elkartu ziren afarian eta giroa oso goxoa izan zen. Gaiak Nekane Gonzalezek jarri zituen. Oso gai egokiak izan ziren».
Legazpiko taldean Nerea Elustondo, Julen Agirreburualde eta Ane Belokik abestu zuten. Aurrean oso talde ona izan zuten: Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Leire Ostolazak osatutakoa.
Iriondok bere taldekideek lan ona egin zutela dio. «Azpeitiarrek eta Nereak dagoeneko izen bat dute. Lauek oso lan ona egin zuten. Baina horrenbesteko izena ez duten bi bertsolarien lana azpimarratu nahiko nuke: Beloki oso ondo aritu zen zortziko txikian eta Agirreburualdek oso lan ona egin zuen puntuka. Gainera, zortziko handian Lizasori eustea lortu zuen».
Legazpiarren hurrengo saioa martxoaren 3an izango da, Oiartzunen. Iriondok Agirreburualderen ordez abestuko du.
Beasain, Legorreta, Ordizia eta Zaldibiako Ebie ai do! taldea, berriz, Txingudikoaren aurka aritu zen. Gema Urteaga beasaindarrak, Aitor Irastortza zaldibiarrak eta Odei Lopez legorretarrak 17 eta 7 galdu zuten, baina bi taldeen arteko aldea ez zen markagailuak dion bezain handia izan. «Saio polita izan zen. Emaitza ikusita ematen du egurra eman zigutela, baina parekatua egon zen. Saio batzuetan gure gainetik egon ziren eta kale edo baleko sistema denez, puntuazioan alde nabarmena egon zen», azaldu du Irastortzak.
Gustura dago egindako lanarekin. «Zazpi hilabete eman ditut Danimarkan eta espero baino gusturago aritu nintzen. Gema eta Odei ere ondo aritu ziren. Gainera, gure helburu nagusia ez da irabaztea, baizik eta talde kohesioa indartzea».
Helburuak
Herriarteko txapelketaren helburua ere hori da eta lortzen ari direla dirudi. «Saiora ez zen jende asko hurbildu, baina ondoren guztiok elkarrekin afaldu genuen. Txapelketaren helburuetako bat giro hori sortzea da».
Ebie ai do! taldearen hurrengo saioa martxoaren 10ean izango da: Itziarko bertso eskolakoekin neurtuko dituzte indarrak, 22:00etan Zaldibiako antzokian. Goierritarrek ia ezinezkoa dute hurrengo fasera pasatzea, baina ahalik eta lan onena egiten saiatuko dira.
Lehenago, aste honetan bertan, Goierriko beste hiru talde arituko dira. Urretxu eta Zumarragako Potoshop Oiartzungo Martzelinaren aurka arituko da: ostiralean, 20:30ean, Oiartzungo Girizia elkartean. Gabiriako Osinalde taldeak eta Añorgakoak Osinalde elkartean abestuko dute, ostiralean 21:00etan egingo den bertso afarian. Goierritarren hirugarren saioa Simimimisolekoena izango da.