Zegamatik abiatu dira Panda Raid-eko gidari goierritarrak
Bidean dira dagoeneko. Goierriko hamar lagunek –bost autotan– parte hartuko dute Afrikan barrena egingo den Panda Raid lasterketan. Zegamatik hiru Fiat Panda abiatu dira gaur arratsaldean, Madrilera bidean. Bidean gehituko zaizkie Goierriko beste bi autoak. Zegaman, ikusmin handia sortu du gidarien irteerak, eta hainbat herritar eta eskola-ume gerturatu zaizkie.
Madriletik Almeriaraino 560 kilometro egingo dituzte, 0 etapa moduan. Handik, beste sei etapatan iritsiko dira Marrakexeraino, Maroko osorik zeharkatu eta gero. Guztira 300 taldek parte hartuko dute, horietatik 5 goierritarrak: Joseba Berasategi-Jon Zubiaurre (Zegama), Manex Mendizabal-Aitor Ordozgoiti (Zaldibia), Mikel Berasategi-Iñaki Labaka (Zegama), Arkaitz Aldasoro-Raul Murgia (Zegama-Araia) eta Xabi Mendizabal-Ibon Arregi (Beasain-Ordizia).