Bidegorria, Zegamako herriguneraino
Aldundiak bidegorria Zegamaraino luzatuko du eta industrialdetik herrira doan errepide zatia zabaldu egingo du. Lanak udan hasiko dira eta 2018ko hasieran bukatuko dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak Idiazabaldik Zegamara doan bidegorria herriguneraino luzatuko du. Egun, Intsausti baserriaren parean (industrialdearen parean) amaitzen da. Horretaz gain, errepidea zabalduko du. Egitasmo honek 1,5 milioiko aurrekontua du. Lanak irailean hasiko dira eta datorren urte hasieran amaitu. Helburu nagusia segurtasuna bermatzea da. Izan ere, zegamarrek errepidetik joan beharra dute bidegorrira heltzeko, errepidea oso estua da eta autoak abiada handian joaten dira. 780 metroko luzera duen errepide zati horretatik 2.000 auto pasatzen dira egunero.
Errepideak bi errei izango ditu, bakoitza hiru metrokoa. Bazterbideak, berriz, 0,40 metroko zabalera edukiko du. Errepidearen ondoan, bidegorria egingo dute. Honek ere hiru metroko zabalera izango du. Gainera, autoen abiada murrizteko neurriak hartuko dituzte. Horretaz guztiaz gain, Aldundiak industrialdeko sarrera hobetuko du.
Egitasmoa atzo goizean aurkeztu zuten, Zegamako udaletxean. Ekitaldian, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Joseba Izagirre alkateak parte hartu zuten. Herritarrak gonbidatuta zeuden eta zegamar asko hurbildu ziren. Amaieran, galderak egiteko aukera eduki zuten.
Izagirrek egitasmo honen lehen pausoak 1999an eman zirela eta bidegorria 2012an inauguratu zela gogoratu zuen. «Intsaustiraino bakarrik heltzen da eta luzatzea eta bidea konpontzea eskatu dugu. Gaurko eguna, egun handia da zegamarrentzat. Zegamarron bizi kalitatea hobetu egingo da. Eskerrak eman nahi dizkiot aldundiari. Badakigu esfortzu handia egin duela».
Oiarbidek «poza» azaldu zuen, aretoa herritarrez beteta zegoelako. «Joseba kezka honekin etorri zen aldundira eta esfortzu bat egitea erabaki genuen. Izan ere, herri txikien aldeko apustua egin nahi dugu».
1,5 milioi diru asko dela esan zuen. «Inbertsio handia da. Aldundiarentzat esfortzu handia da, bai hemen eta bai Donostian. Oso pozgarria da niretzat Goierrira berri hau ematera etortzea, nire aitona Idiazabalgoa baitzen».
Ondoren, Mikel Uribetxeberria Plangintza zuzendariak egitasmoaren ezaugarri teknikoen berri eman zuen. Bukatzeko, herritarrek galderak egin zituzten. Bizilagun batek azkeneko errotondatik industrialdera doan zatiagatik galdetu zuen. Oiarbidek egun ez dagoela dirurik, baina etorkizunean zabaldu egingo dutela erantzun zion.













