Jentilen lurretan barrena, oinez
Ataunen igandean izango dira Jentilen Bideetatik iraupen luzeko 9. mendi martxak. Bi aukera daude: 48 kilometroko luzea, mugaz muga; eta 21,3ko laburragoa
Bi urtean behin ohi bezala, hutsik egin gabe antolatu du Ataun Kirol Elkarteak 9. Jentilen Bi- deetatik iraupen luzeko mendi ibilaldi parea. Ataungo mendietan eta bide zaharretan ibiltzeko, bi ibilbide prestatu dituzte: 48 kilometrokoa luzea, eta 21,3koa. Igandean dira martxak.
Ibilbide luzea 06:30ean hasiko da, Auzoeta kiroldegian. 9-11 ordu bitartean osatu behar da. Ataungo udalerriari ia-ia mugaz muga emango diote ibiltariek bira, erloju orratzen aurkako norantzan. Gorantzako desnibelak 2.243 metro ditu. Hiru kontrol eta hornidura postu egongo dira bidean: 12. (Areatza barrenean), 25. (Lizarrusti) eta 39. (Intsustiko iturria) kilometroetan.
Kiroldegitik irten, eta Irumugata edo Esparru igoko dute lehenik. Hegoalderantz, gainik gain, Areatzatik igaro —bide gailur altuena, 984m—, eta Lizarrustira iritsiko dira. Atzera gorantz jo, Allekora ta Muñoaundira, eta Amundarain baserritik barrena dena beherantz, Auzoeta kiroldegian amaituko da.
Izena zirkuitua.com webgunean eman liteke, aurrez. Ibilaldia hasi baino ordubete lehenago ere bai, baina aurretik apuntatzeko eskatu dute. 10 euro da.
Ibilbide motza
Bide laburra hartzen dutenak 08:00etan irtengo dira, Auzoetan. 4,5-5 ordu iraungo du txangoak, 833 metroko desnibel positiboarekin. Bi hornidura eta kontrol egongo dira: 6. kilometroan (Urkilaga) eta 13.ean (Intsusti). San Martindik San Gregoriora herribidetik joan, eta Urkilagatik gora Muñoaundi edo Agautzeraino (973m) igoko dira. Gero beherantz dira jada helmugara faltako diren 12 bat kilometroak, Intsustitik eta Amundaraindik.
Bukaeran, oroigarri bana jasoko dute partaideek, baina ez dute sailkapenik zehaztuko, ez delako lasterketa. Nahitaez kontroletatik pasatu beharko dute, markatutako denboran. Kiroldegian dutxak izango dituzte.













