Bidezko Merkataritzako produktuak saltzen dituzten saltokiak identifikatzeko logoa egin dute. Garazi Ayuso eta Miren Garcia legazpiarrek egin dute diseinua. Zortzi saltokitan jarriko dute
Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen Legazpik aurreko ostiralean. Garagunek bere postua jarri zuen azokan halako produktuak ezagutarazteko eta Legazpiko Udalak merkataritza sistema horrekiko duen konpromisoa erakutsi nahi izan zuen. Bide batez, Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiriaren izendapenarekin bat egiten duen logoa ‘legazpiratu’ dute eta zortzi saltokitan jarriko dutela iragarri zuten.
Bidezko produktuak ezagutzera eman nahi dituzte eta Legazpin salgai non daude erakutsi ere. Bidezko Merkataritzaren alde Emausek Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban erabiltzen duen logoa oinarri hartuta, Garazi Ayuso eta Miren Garcia 17 urteko legazpiarrek diseinuari Legazpiko ukitua eman diote.
Logoa Legazpiko honako saltokietan jarriko dute esku orriekin eta txapekin batera: Laubide, Itziar eta Lanbroa belar dendak, Mari Carmen fruta denda, Garagunea, Xarpot taberna, Gizarte Zentroko taberna eta Korosti kafea.