Herriartekoan, eskuz, Lazkao kanporatu du Ataunek, eta final laurdenetan da. Udaberri Txapelketan, paletan, Ataun-2 bikoa Gipuzkoako txapeldun da. Palan, Ordizia eta Olaberria kalera

Herriarteko Txapelketako Ataungo taldea.
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan Goierrik eskuan segiko du aurrera. Ataunek Lazkao kanporatu du, eta final-laurdenetara igaro da. Oñati du zain, ostiralean 22:00etan, Oñatin.
Igandean, Lazkaoko kiroldegira 2-1eko aldea zeraman Ataunek, baina dena behar izan zuen. Kadetetan (22-13) eta larrietan (22-20) Lazkaok irabazi zuen; jubeniletan, Ataunek (3-22). Azken partidan, seniorrenean, 8 tanto egitea aski zuen Ataunek; 17-4 galtzen joan zen, eta alarma piztu zitzaien. Azkenean, kirioak uxatu, eta 20raino iritsi zen.
Palan, aitzitik, finalaurrean Goierriko bi herriak kanporatu dituzte. Olaberria tanteoz bidali du Debak. Bina neurketa irabazita, 14 tanto kostaldekoen alde. Paletan 30-35 irabazi, eta mo-tzean 40-24 galdu du Olaberriak.
Ordiziari, berriz, Andoainek ez dio aukerarik utzi: 4-0 galdu. Beti-Alain, ostiralean, paletan 23-35 eta motzean 33-40 galdu zuen Ordiziak. Palako finala goierritarren borreroek jokatuko dute, jaian: Andoain-Deba.
Udaberrin, Ataun-2 garaile
Ataungo pilotarentzat zorioneko beste albistea Udaberri Txapelketak eman du. Ataun Kirol Elkartearen Ataun-2 taldea Gipuzkoako txapeldun atera da, paleta gomaz modalitatean.
Ostiralean, Bergarako Udal Pilotalekuan, Bergarari 30-19 irabazi zion finala Ataunek. Elorri Ramirez ataundarra eta Amaia Lopez idiazabaldarra dira Gipuzkoako palari txapeldunak.