Lazkao Txiki eskolak musikazko 20 ikasturte
Lazkaon 1996-1997 ikasturtean ekin zion musika hizkuntza eta tresnak irakasteari Lazkao Txiki eskolak. 2005ean ofizialdu zen, eta hazkuntza handia izan du: 360 ikasle eta 15 irakasle ditu orain, bailara osokoak.
Lazkao Txiki musika eskolak 1996-1997 ikasturtean ekin zion ibilbideari, Nerea Barandiaran lazkaotarraren eta Lurdes Lermaren eskutik. Lehenaren etxean izan zuen aurreneko egoitza, 8 bat ikaslerekin eta hiru irakaslerekin. Pianoa, soinua, trikitia eta gitarra ziren aukera, orduan.
Hogeigarren urteurrena bete du, bukatzear den kurtsoan, Lazkao Txikik. 360 ikasleko eta 15 irakasleko —zazpi lanaldi osoan— eskola da gaur egun. Goierri osotik joaten dira ikasleak, eta Ataunen ere ematen ditu kla-seak. 2000tik. Kultur etxean du egoitza, udalak utzitako geletan.
Etxean urte pare batean aritu ondoren, ikastolan eta Gerrikoren eraikineko azken solairuan beste bina urte egin zituen Lazkao Txikik, artean akademia modura. «Mugarria» 2005ean jarri zuen, ofizialtasuna lortuta. Jauzi handia izan zen hura, ekarpen publikoak jasotzen hasi zelako, ordurako ikasle kopuruz eta eskaintzaz zeukan tamainagatik.
Etengabe haziz joan da, harrezkero, eta egonkortasuna ekarri dio. «Lazkao batean 360 ikasle izatea, asko da hori. Kopuru handiak dira. Kanpokoak hona etortzea ere aberatsa da, bai guretzat, bai herriarentzat», dio Aitor Biain zuzendariak.
Gaur egun, espazio falta dute arazoetako bat. Kultur etxeko kokapenarekin pozik daude —herri erdian dagoelako—, baina taldeen lanerako edo datorren irailean hasiko den dantza modernoen klaseetarako ez dute gela egokirik.
Musika ikasketak, aldatuta
Neurriz eta kopuruz harago, musika ikasteko beste era bat zabaldu du Lazkao Txiki musika eskolak. Nerea Barandiaranek laburtu du bilakaera: «Garai batean, musika jende askok kokoteraino eginda utzi zuen. Dena azterketa zelako, aspertuta. 1992tik hona, zorionez, jolas modura edo heziketa bezala ulertzen da. Baita helduentzat ere. Lehen utzitako heldu asko itzultzen da».
Beste herri batzuetan irakasle edo taldeetan musikari ari diren profesionalak ere ari dira Lazkao Txikin ikasten, daukan irakasleriaren mailaren seinale. «Hori ere harrotasun bat da».
Lazkaon presentzia itzela du eskolak. Azken lau urteotan, Kultur Astea eta Musika Astea antolatu dituzte, eta herriko ekitaldi ugaritan ere partaide dira.













