Ekain Kulturalaren baitan Lore Sariketa egingo dute hilaren 21etik 27ra. Ordura arte, landare postua jarriko du Altzibar Lorazaintzak asteartero azokan
Gaurko eguraldi kaskarrak ez du askorik lagundu, baina Ormaiztegiko azokara joan direnetako asko geratu dira Altzibar Lorazaintzak jarritako landare postuan. Salmenta handia izan ez bada ere, balkoietarako landareak begiz jo ditu batek baino gehiagok eta ekainaren 21etik 27ra egingo den Lore sariketarako apaingarriak aukeratzen hasiko zirela uste du Altzibarreko saltzaileak.
Ekain Kulturalaren barruan jaso zuten Altzibarrekoek astearteetako azokan postua jartzeko gonbitea. Izan ere, hil amaieran egingo duten sariketarako landareak herritarrei eskura jartzea da postu horren helburua.
Batez ere garaiko loreak ikus zitezkeen atzoko gaur, azokako postuan: surfiniak, geranioak, alegriak… Barruko landareak ere badituzte: orkideak nahiz barruko begoniak ere. Lorategietan ipintzeko landareen artean ortentsiak, buganbilak, olibondoak ikus zitezkeen.
Altzibarreko saltzaileak azaldu duenez, «ez da azoka handia, baina ormaiztegiarrak lehenengo kontaktua egitera» etorri dira gaur.
Ostegunean, karpan
Ekain Kulturalaren barruan, Musikale jaialdiko saioa egingo dute ostegunean karpan. Manzanilla in Fusion taldeak joko du 19:00etan. Ostiralean berriz, Urmaiz abesbatzak kantatuko du parrokian, 19:30ean eta larunbatean, zikloturista martxa egingo dute 07:00etan hasita.