Beñat Garmendia: «Asegarcek oso opari polita egin dit, oso aukera ona da»
Bihar, 17:00etan, Antzizar kiroldegian II. ETB-LEM txapelketako partida jokatuko du Beñat Garmendia pilotari beasaindarrak, Aimar Olaizolaren eta Iñaki Artolaren partidaren aurretik.
Beñat Garmendia (Beasain, 1997) Lazkaoko Lapke taldeko pilotaria da eta bihar, 17:00etan, Antzizar kiroldegian, Peio Etxeberriarekin jokatuko du Alberdiren eta Eskirozen aurka.
Etxean bertan jokatuko duzu bihar.
Bai, Asegarcek deitu dit txapelketa hau beraiekin jokatzeko. Bikotea Pello Etxeberria da, nafarra. Azken finean pilotak polita daukana da, denok ezagutzen garela. Kontra jokatzen duzun pilotaria bikote izaten da hurrengoan. Harreman polita izaten da eta aldageletan denok batera egoten gara.
Zein txapelketa da?
ETBk eta Enpresen Ligak antolatutako txapelketa; bigarrena da aurten. Asegarce eta Aspe enpresak launa pilotari, bina bikote aukeratzen dituzte. Bi final erdi jokatuko dira, gaur Logroñon eta bihar Beasainen. Igandean finala Logroñon izango da.
Asegarcek opari polita egin dizu.
Oso polita, aukera oso ona da! Duela bi aste deitu zidaten Asegarcetik, eta ezustean harrapatu ninduen. Ilusio handiarekin nago, ea zer ateratzen den. Nerbioak ere izango dira, baina aukera oso ona da. Baina pilotalekuan erakutsi behar da, eta saiatuko gara.
Herrian bertan jokatzea abantaila ala desabantaila da?
Jendeak dio zortekoa naizela herrian jokatzeagatik, baina presioa ere nabarituko dut. Ezagun asko, familia ere badator, lagunak ere bai… Alde batetik oso gustura nago partida Beasainen delako, baina beste aldetik, presioa ere handiagoa da.
Euskal Telebistak emango du.
Bai, zuzenean gainera. Telebistarekin partida batzuk jokatuta nago, alde horretatik ohituta nago. Partidaren hasieran gogoratzen zara telebistarekin baina behin partidan sartutakoan nabaritu ere ez da egiten.
Punta-puntako pilotariak izango dira Beasainen. Zeintzuk dira zure idoloak?
Nire idoloa Abel Barriola izan da, txikitatik. Iker Irribarriarekin eta Jokin Altunarekin harreman handia dut, urtebete zaharra-goak dira eta.
Urtebete gehiago eta begira non dauden!
Urte askoan oso gutxitan ateratzen diren aparteko horietakoak dira.
Elkarren aurka jokatutakoak zarete?
Ez, inoiz ere ez dut jokatu haien kontra. Ni gazteagotan ez nintzen hainbeste nabarmentzen, txikiagoekin ibiltzen nintzen, eta beraiek hain maila altua edukita, zaharragoekin aritzen ziren.
Zein ezaugarritako pilotaria zara?
Atzelaria naiz. Indar aldetik ez naiz inoiz ere nabarmendu. Postura nahiko politak ditudala eta pilotari segurua naizela esaten didate. Indar aldetik beti eskas samarra.
Hobetzen ari zara, beraz.
Baiezkoa esango nuke. Desarroilo aldetik berandu etorri naiz, abenduan jaiotakoa naiz eta horrek agian zerbait esan nahi du. Jubeniletan edo 2. mailako kadeteetan hasi nintzen nabarmentzen. Gainera, eskuetatik asko sufritu dut.
Zein duzu ametsa?
Pilotari guztiek daukatena, profesionaletan debutatzea. Baina oso urruti dago. Niri beti esan izan didate egunetik egunera joateko, ahal den gehiena egiteko eta disfrutatzeko. Pilotarekin asko disfrutatzen dut. Egunen batean egun hori iritsiko balitz… amets bat izango litzateke. Oraingo helburua, egunetik egunera lana egitea da, aurrera segitzea.













