Atinek irabazi du apustua
Joxetxo Atin gabiriarrak eta Joxemari Arakama zegamarrak aizkora eta sega apustua jokatu dute larunbatean. Sekulako beroa egin du eta Arakamak amore eman duJoxetxo Atin gabiriarrak aizkora eta sega apustua irabazi dio Joxemari Arakama zegamarrari. Bero...
Joxetxo Atin gabiriarrak eta Joxemari Arakama zegamarrak aizkora eta sega apustua jokatu dute larunbatean. Sekulako beroa egin du eta Arakamak amore eman du
Joxetxo Atin gabiriarrak aizkora eta sega apustua irabazi dio Joxemari Arakama zegamarrari. Beroa eta urduritasuna etsai handiak izan dira zegamarrarentzat eta ez du lana bukatzea lortu.Apustua larunbat arratsaldean jokatu zuten, Zegamako Murgizelain. Leihak ikusmin handia piztu zuen. Lau enbor ebaki behar zituzten eta ondoren belarra moztu, ordu beteko saioa osatu arte. Belar gehien mozten zuena suertatuko zen garaile.
Atinek irabazi zuen, erraz. Izan ere, sekulako beroa egin zuen Murgizelain eta Arakamak ez zuen aizkora lana bukatzerik izan. Atinek aizkora lana bukatu eta ondoren sail eta erdi moztu zuen. Berak poltsikoratu zituen, beraz, jokoan zeuden 1.000 euroak. Bukaeran, elkarri bostekoa eman zioten eta Tartalo elkartera joan ziren afaltzera.
Irabazlearen iritzia
Atinek «gogorra» izan zela dio. «Lan hauek berez dira gogorrak eta gainera ikaragarrizko beroa egin zuen. Niri ere denbora dezente joan zitzaidan. Bera atzetik zihoala konturatu nintzenean, hanka altxatu nuen».
Bere lagunak lana bukatu ez izanak pena ematen dio. «Alde batetik, pozik nago irabazi dudalako. Bestetik, pena eman zidan Joxemarik utzi behar izanak. Nire ustez, beroak eta urduritasunak kalte egin zioten. Urduri jartzen zarenean gorputza gogortu egiten zaizu eta ezin duzu arnasa hartu».
Ez du apustu gehiago egiteko asmorik. «Apustuek lan handia ematen dute. Ez dut apusturik egingo, baina kirola egiten jarraituko dut. Larunbat honetan Almitza elkartearen azkartasun lehiaketako saioa dut. Gorputzak esango dit noiz utzi».