Lehen aldiz izango da Euskal Herrian mendi lasterkari japoniar hau. «Gozamena» jartzen du lehiakortasunaren aurretik. Ehunmilak izango da aurten egingo duen ultra-trail bakarra.
Fuji mendiaren magalean hazia da Kenichi Yamamoto (Yamanashi, 1979) mendi lasterkaria. UTMB Mont-Blanceko ultra-traila izan zen iraupen luzeko bere lehen lasterketa (2009), eta bi urte beranduago 10. postuan sailkatu zen proba berean. Harrezkero urtero hartu du parte ultra-trailen batean. Iaz, Andorrako Ronda del Cims ultra-trailean bigarren amaitu zuen. Ehunmilak irabazteko faboritoen zerrendan dago. Posta elektronikoz erantzun ditu galderak Yamamotok, ingelesez.
Japonian ba al dago ultra-trailak antolatu eta parte hartzeko zaletasunik?
Fuji mendiko ultra-traila dugu hemen, baina hainbat arazo dauzka –ez ditu zehaztu–. Yamanashin bertan dago Fuji, eta beste zenbait mendi garai ere baditugu. Nire jaioterria maite dut, nire familia eta lagunak bertan bizi direlako. Dena den, bidaiatzea gustuko dut, batez ere ezagutzen ez ditudan lekuetara.
Bidaiatzea aipatu duzu. Aurten Ehunmilak ultra-trailera zatoz, Euskal Herrira. Zer dakizu inguru honi buruz?
Sentitzen dut, ez dut Euskal Herria ezagutzen. Uste dut lekua beroa dela. Anoa-postuetan euskal janaria dastatzea espero dut!
Nola izan zenuen lasterketaren berri?
Koichi Iwasa ultra-trail lasterketetan aditua den kazetariari entzun nion froga honi buruz hitz egiten.
Eta zer helbururekin zatoz?
Korrika egitea dut gustuko. Irribarre batekin egiten dut korrika.
Zein da zure filosofia ultra-trail batean parte hartzerakoan? Lehiakortasuna ala gozamena, zer jartzen duzu aurretik?
Gozamena jartzen dut gauza guztien gainetik. Ez naiz gainontzeko korrikalariak kontrolatzen hasten den horietakoa.
Zeintzuk dira zure indarguneak? Iraupena, alderdi psikologikoa…
Dena emanda, topera, egin dezaket korrika. Hala ere, teknikoak diren ibilbideak gustatzen zaizkit gehien.
Noiz hasi zinen ultra-trailetan parte hartzen?
2009ko Mont Blanc-eko Ultra Traila izan zen nire lehena. Zorte handia izan nuen eta amaitu nuenean negar egin nuen.
Aurten zer beste probatan parte hartu duzu?
Ez dut besterik egin. Ehunmilak egingo dut soilik.
Zure parte hartze zerrenda ikusita, urtero aritu zara ultra-trailen batean: Mont Blancen, Frantziako Pirinioetako eta Reunion Uharteko Raid Handian, Andorran… Postu txukunak lortu dituzu gainera. Eskarmentudun korrikala zara.
Ez, ez dut uste esperientzia handiko lasterkaria naizenik.