Zumarragarrek eta urretxuarrek Geltokietako festak ospatuko dituzte
Urretxuar eta zumarragarrek Geltokietako jaiak ospatuko dituzte gaurtik igandera bitartean. Aipatzekoa da biharko Geltoki Eguna antolatu dutela. Festak 17:45ean hasiko dira, ur-globo gudarekin. Ekitaldi hau Pagoetako bidegurutzean izango da. 18:00etan,
Urretxuar eta zumarragarrek Geltokietako jaiak ospatuko dituzte gaurtik igandera bitartean. Aipatzekoa da biharko Geltoki Eguna antolatu dutela.
Festak 17:45ean hasiko dira, ur-globo gudarekin. Ekitaldi hau Pagoetako bidegurutzean izango da. 18:00etan, berriz, dultzaineroak eta buruhandiak kalera irtengo dira. Ordubete beranduago, 19:00etan, auzo-taberna irekiko dute eta auzoko tabernetan ohiko pintxo-potea egingo dute. Ordu berean, partxis txapelketa hasiko da eta 19:30ean triki-poteoa egingo dute.
21:30ean bertso-afaria egingo dute Apain tabernan. Hiru bertsolarik abestuko dute: Iban Urdangarin ataundarrak, Iker Zubeldia zegamarrak eta Nerea Ibarzabal markinarrak. Bukatzeko, 00:30etik aurrera RkeR elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du.
Bihar Geltoki Eguna ospatuko dute. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute eta 12:15ean po-teoa hasiko da. Poteoan zehar, gazteek jolasak egingo dituzte. 13:00etan Zumarragako musika bandak auzoko kaleetan joko du eta 14:00etan Domingo Mendiaratz plazara hurbiltzen diren guztiek paella dastatzeko aukera edukiko dute. 14:30ean gazte bazkaria egingo dute toki berean. 130 lagunek parte hartuko dute.
15:30ean, berriz, mus txapelketa jokatuko dute Apain tabernan. Gipuzkoa osoan iragarri dute eta jende asko gerturatzea espero dute. Izan ere, sariak bikainak izango dira. Irabazleek 1.500 euro jasoko dituzte, bigarrenek 800, hirugarrenek 400 eta laugarrenek 200. Sari gehiago ere egongo dira: saskiak, afariak, arkumeak…
16:00etatik aurrera Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du eta gazteek jolasekin jarraituko dute. 19:30ean, berriz, poteoa egingo dute Sol de America mariatxi taldearekin. Biharko ekitaldiekin bukatzeko, 23:00etan kontzertua egongo da Txindokiko plazan: Sol de America, Gozategi eta Sukarra 37 taldeek joko dute.
Festak igandean bukatuko dira. 09:30ean diana joko dute eta 11:30ean Geltokietako lehen krono-igoera egingo dute. Parte hartzaileak pasiotarren baratzetik abiatuko dira eta kilometro bateko ibilbidea osatuko dute. Informazio gehiago nahi dutenek, Godoy bizikleta dendara jo behar dute.
12:00etan mokadutxoa egingo dute Apain jatetxean eta 12:30ean Joseba Ostolazak eta bere alaba Udanek herri kirol erakustaldia egingo dute. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute, helburua herri kirol zaletasuna bultzatzea baita.
Bukatzeko, 20:00etan erromeria egingo da Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin. Irrintzi taldeak antolatu du. Aipatzekoa da ere festetan puzgarriak egongo direla eta ez dela asto karrerarik egongo.