Axari Trail proba, Goierri Kopako azkena
Bosgarren urtez jokatuko dute Axari Trail proba igandean. Goierri Trail Kopako azken proba izango da. Faboritoen artean daude Juanjo Igarzabal eta Elena Calvillo, besteak beste
Igandean Axari Trail mendi lasterketa egingo dute Idiazabalen, Mikel Garmendiaren oroimenez. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, bi ibilbide izango ditu Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan dauden Idiazabalgo mendietan barrena: luzea, 25,3 kilometro eta 1.543 metroko desnibela duena; eta motza, 16 kilometro eta 841 metroko desnibelarekin.
Parte-hartzeari dagokionez, 300 korrikalaritan du muga Axari Trailek eta 308 izen emate egon dira; gizonezkoak 279 izan dira eta emakumezkoak berriz, 29 (ia %10a). Izen emateak probintziaka banatuz gero, 219 gipuzkoarrak dira, 41 arabarrak dira, 35 bizkaitarrak eta 4 nafarrak; Iparraldetik etorritakoak ere izango dira aurten. Horietaz aparte, Errioxako, Murtziako, Zaragozako eta Burgosko korrikalariek ere eman dute izena.
Axari Trail txiki probak berriz, 100 korrikalariko muga du baina 131k eman dute izena; batzuk itxaron zerrendan daude beraz. Gizonezkoak 98 izan dira eta 33 emakumezkoak. Gipuzkoarrak dira nagusi 108 partaiderekin; 8 bizkaitarrak dira, 7 arabarrak eta 6 Nafarroakoak. Iparraldeko eta Valentziako korrikalariek ere eman dute izena.
Lasterketak, ohiko ordutegia izango du; 09:30ean hasiko da Idiazabalgo plazatik, eta leku berean amaituko da. Korrikalariek gehienez lau ordu eta erdiko denbora izango dute ibilbidea amaitzeko. 13:30ean izango da sari banaketa. Lasterketa bukatutakoan, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan.
Faboritoen lehia
Aurtengo probari begira, faborito ugari daude antolatzaileen arabera. Juanjo Igarzabal, Hassan Ait Chaou eta Ander Iñarra dira horietako batzuk, gizonezkoen artean. Horiez gain, beste hautagai batzuk ere izango dira: Jon Ugalde eta Beñat Katarain, esaterako. Neskei dagokienez, joan den urtean proba luzeko irabazle eta Euskal Herriko Trail txapeldun izandako Oihana Kortazar elgetarra, aurten ere Idiazabalen izango da. Elena Calvillo, Oihana Azkorbebeitia, Oihana Arratibel eta Alizia Olazabal dira besteak beste, iganderako faboritoen artean daudenetako batzuk.













