Udalak herritarren iritziak bildu nahi ditu Dolarea parkea biziberritzeko
Esku orriak banatuko dituzte etxez etxe. Ostegunean geltoki ondoan informazio karpa jarriko dute. Urriaren 10erako eta 11rako lau tailer antolatu dituzte adin desberdinetako taldeei zuzenduta
Gaur egun erabilera urria duen Dolarea parkeari «itxura eta erabilera berriak ematea eta guztiok gustura egoteko parke egokia lortzea» du helburu Beasaingo Udalak. «Duela 30 urte egin zen bertan azken eraldaketa eta denboraren eragina nabaria da», dio udalaren oharrak. Horregatik, parkea biziberritzeko «konponketak, hobekuntzak eta lan txikiak» egin nahi ditu orain udalak, «betiere parkearen ezaugarriei eta egiturari eutsiz, aurrekontu mugatua duelako proiektuak».
Herritarren iritzia kontuan hartuta egin nahi du udalak parkearen biziberritzea. Ekarpenak eta iritziak jasotzeko hainbat bide daude. Batetik, etxeetan banatuko den esku orria bete eta udal bulegoetan utz daiteke. www.beasain.eus webgunean ere bete daiteke galdetegia. Bestetik, ostegunean, hilaren 14an, Renfeko geltokiaren inguruan jarriko duten informazio karpara ere gerturatu daiteke, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00 etatik 19:00etara. Era berean, udaletxeko harrera bulegoan, Igunean, ere utzi daitezke proposamenak, hilaren 29ra arte.
Tailerrak
Lau tailer ere antolatuko dituzte. Urriaren 10ean, 11:00-etan, adineko pertsonekin egingo da tailerra Aranealden, eta 17:00etan, umeekin, Igartzako jauregian. Urriaren 11n, azkenik, 16:30ean, 13-18 urte bitarteko gazteekin landuko dute gaia, eta 19:00etan, adingabeen gurasoekin edo zaintzaz arduratzen direnekin. Azkeneko bi tailerrak Igartzeko jauregian dira. Zaintza zerbitzua jarriko dute haurrentzat.
Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da Igunean, edo banatutako inprimakiak bete eta udaletxean utzi behar da.













