Bi herri, hamaika boluntario
Boluntarioek egiten duten lana ezagutzera emateko, Boluntarioen eguna eta azoka egin dituzte Beasainen eta Zumarragan. Asmubeko kideei omenaldia egin diete Beasainen
Beasain eta Zumarraga herriko boluntarioen erakusleiho bihurtu dira asteburuan. Beasainen Boluntario Eguna ospatu zuten larunbatean, eta Zumarragan, udalak antolatutako Boluntario Astearen barruan, Boluntario Azoka egin zuten Zelai Arizti parkean.
Beasainen, Gernikako pasealekuan kokatu zituzten herriko 21 elkartek euren postuak. Beren lana balioan jarri eta egiten dutena herritarrei ezagutzera emateko helburuarekin antolatu zuten eguna. Nagusilan, Gurutze Gorria, Asmube, Alkoholiko Anonimoak, Txolarte, Esku Batuak, Minbiziaren Aurkako elkartea, Haurralde, Gazteak eta Garapena, Bakerako Lankidetza Batzarrea, Proega-Proyde, Unrwa Euskadi, Aranealde elkartea, Caritas, Txilibutxof, Herriak Elkarlanean, Gipuzkoako Odol Emaileak, Fisc. Mundubat eta Al-Anon Alteen elkarteek hartu zuten parte.
Asmuberi omenaldia
Asmube Beasaingo Emakumeen elkarteak herriaren omenaldia jaso zuen, azken 29 urteetan egindako lana eskertzeko. Gustura zeuden elkarteko kideak, «egindako lanaren aitortza», izan delako.
Elkarteen arteko tortilla patata lehiaketa ere egin zuten. Nagusilanekoak izan ziren irabazle.
Zumarragan, Zelai Arizti parkean antolatu zuten Boluntario Azoka. Atzegi, Aspace, AECC, Bizi Bide, Caritas, Gurutze Gorria, DYA Gipuzkoa, Gautena, Intered, Jatorkin, Kaebnai Europe Direct, Nagusilan eta Gizalde elkarteen parte hartzearekin.
Gainera, goiz osoan zehar, udaleko gizarte zerbitzuek ekoitzitako Bihotz solidarioak ikus-entzunezkoa eskaini zuten pantaila erraldoi batean.













