Kalitatezko hiri iraunkorraren bidean, ekintzak zehazteko partaidetza saioa Beasainen
Bihar, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan jarri dute hitzordua. Bertan, 'Beasaingo Iraunkortasunerako II. Ekintza Plana 2020' dokumentuko ekintzak lehenetsiko dira
2030. urtean Beasain kalitatezko hiri iraunkor bat izateko ikuspegia helburutzat hartuta, uztailaren 20ko udalbatzak Beasaingo Iraunkortasunerako II. Ekintza Plana 2030 dokumentua onartu zuen. Udalaren esanetan, ekintza plan berri horren osaketa prozesuan «udalerriko eragileen eta herritarren parte hartzea eta udaleko eragile tekniko zein politikoen konpromisoa eta funtsezkoak izan dira».
Bi urteko iraupena izan duen berrikuspen prozesuaren bitartez, 2006an hasitako Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana eguneratu, eta jarraipena eman zaio, «gaur egungo beharrei eraginkorki erantzuna emateko eta etorkizun iraunkorrago bat irudikatzeko».
Herritarren iritzia
Orain, ekintza horiek aurrera eraman ahal izateko garaia iritsi da, eta herritarrekin eta herriko eragileekin, 2018rako begira lehentasun handiena izan dezaketen ekintzak lehenesteko saioa egingo da bihar, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. «Berriro ere eragile eta herritar guztiak gonbidatuta daude saio honetan parte hartzera, denon ekarpenak garrantzitsuak baitira, Beasaingo etorkizuna irudikatzeko», adierazi du udalak.
II. Ekintza Plana
Udalak lehenetsi dituen ekintza eta jardueretako batzuk: · Puntu kritikoak. Hiriko puntu kritikoen mapa osatzea. · Auzoen oreka. Herriaren jarraikortasuna eta trinkotasuna indartzea auzoen arteko oreka bilatuz. · Taxi-bus zerbitzua. Landa auzoetako taxi-bus zerbitzuaren beharra aztertzea. · Bilketa tasa areagotzea. Edukiontzien bidezko bilketa berriaren bidez, gaikako bilketa tasa areagotzen joatea. · Klima aldaketa. Klima aldaketan eragiten duten gasen isurpenak kontrolatzeko, urtero horien isurpenen kalkulua egiteko datu-bilketa sistematizatu eta burutzea. · Enpresa berriak. Enpresa ekimen berriak sortzeko eta daudenak mantentzeko laguntzak edo ekimenak martxan jartzea, Goiekirekin elkarlanean. · Gizarte zerbitzuak. Herritarrak gizarte zerbitzuen inguruan informatzeko, horietara bideratzeko eta gizarte arloko laguntzak edo programa zehatzak tramitatzen laguntzeko udal-mailako zerbitzuaren etengabeko hobekuntza bultzatzea. · Berdintasuna. Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako diagnostikoa osatu eta sentsibilizazio kanpainekin jarraitzea. · Etxebizitzak. Eraikita baina hutsik dagoen etxebizitza-parkea berriz ere erabiltzeko baliabideak aztertu eta beharrezko neurriak martxan jartzea. · Euskara. Guraso eta familiei zuzendutako euskararen erabilera-sustapen programak abian jartzea.













