Goierrin bizi diren errumaniarrek Lazkaon ospatuko dute, etzi, Errumaniako Festa Nazionala. Plazako frontoian bazkaria dute, jaki-edari bereziekin. Musikarekin gauera arte luzatuko da jaiaGoierrin, Gipuzkoan eta Euskal Herrian bizi diren errumaniar ask...
Goierrin, Gipuzkoan eta Euskal Herrian bizi diren errumaniar askok Lazkao izango dute ostiralean festaleku. Errumaniako Egun Nazionala ospatuko dute, abenduaren 1arekin. Lehenbiziko aldiz, festa antolatu dute Goierrin bizi diren errumaniarrek, eta mila lagunetik gora bilduko dira, «gutxienez». Edonorentzat irekia da, hala ere.
Lazkaoko plazako frontoian garatuko dute egitaraua, Gurutze tabernako Petru Pavel Socaci eta azokan oilaskoak saltzen dituen Mario baitabiltza antolatzen, beste askoren laguntzarekin. 14:00etan bazkaria dute. Txartelak aurretik ari dira saltzen, 5 euroan. Saski bat zozkatzeko txartel bana jasoko dute.
Errimaniar erako janaria eta edaria izango da. Sarmalea lehenik, arrozezko eta haragi xehetuzko orea, aza-orrian bilduta. Gero
mici-a, haragi xehetua espeziekin, albondiga luzexka modura plantxan erreta. Edateko, Errumaniako ardoa, garagardoa eta 50 gradu dituen pattarra.

Errumaniako jakiak eta edariak eskaintzen, Olaberrian 2014an./Aimar Maiz
Arratsaldean, musika errumaniar herrikoia jotzen duen talde bat ariko da, baita Bilboko La Ultima Banda rock taldea ere.
Euskararen Egunaren bueltako ospakizunekin bat egingo du Goierriko errumaniarren festak. «Mundu guztia ongietorria izango da. Bertakoek Errumaniako janariak eta edariak probatzea nahi dugu. Ez diegu huts egingo», dio Cristian Lumeik.
Egun seinalatua haientzat
Kultura desberdinak ditu Errumaniak, kokapenaren arabera. «Moldaviarrak, ukrainarrak, hegoaldekoak, ekialdekoak… Kultura asko daude, baina elkarrekin ondo moldatzen gara, inork ez du independentziarik nahi», dio Lumeik. Abenduaren 1a festa-egun handia da haientzat.
Gipuzkoan errumaniarren komunitatea da estatuz kanpokoetan ugariena, 5.474 lagunekin, marokoarren ondoren. Goierrin, lehenengo postuan dira.