Andoni Osa eta Mikel Aranzabal dira Euskadiko arku ehiztari onenak
Legazpin igandean ibilbideen modalitatean jokatutako txapelketan lortu zituzten txapeldun tituluak. David Guerreiro legazpiarra da Euskal Ehiza Federazioko arku ehizako Euskadiko ordezkari berria.
Andoni Osa eta Mikel Aranzabal dira Euskadiko arku-ehizako ibilbideen txapeldun berriak, arku konposatuaren modalitatean lehena, eta arku tradizionalean bigarrena. Igandean Legazpiko Ardanbideta inguruan jokatutako txapelketaren 25. edizioan eskuratu dituzte tituluak bi ehiztariek. Euskal Ehiza Federazioaren egutegian sendotuta dagoen txapelketa da hau, eta igandean, ehiza mota honetan ohikoa den kirol eta laguntasun giro bete-betearekin jokatu zen.
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 19 arkularik parte hartu zuten lehian, eta horiekin batera, baita ere txapelketarekin batera antolatu zuten Legazpi Trofeoaren lehen ediziorako gonbidatu zituzten hainbat kirolarik.
Txapelketako batzorde teknikoan Aitor Martinez, Arku-ehizako Arabako eta Euskadiko ordezkariak parte hartu zuen, probako zuzendari gisa. Bizkaiko ordezkari Javier Guinea ea Gipuzkoako ordezkari David Guerreiro ere batzordekideak izan ziren, eta azken hau, txapelketaren koordinatzailea ere izan zen. Epaileak, azkenik, Jose Ignacio Sarasua, Daniel Hueso eta Alberto Etxeandia izan ziren.
Euskadiko 2006ko txapeldunak
Andoni Osa da, beraz, arku konposatuaren modalitateko Euskadiko txapeldun berria, Iraitz Gutierrezek eta Mikel Gorrotxategik jarraituta. Arku tradizionaleko txapelduna Mikel Aranzabal da, eta Ignacio Noguera eta Joxeba Gezalaga dira bigarrena eta hirugarrena.
Legazpiko I. Trofeoan, berriz, Javier Guinea izan zen irabazlea, eta ondoren Jose Ortega eta Asier Sojo sailkatu ziren.
Txapelketan sailkatutako kirolariek Euskadi ordezkatuko dute Espainiako txapelketan. Sailkatuen behin betiko zerrenda datozen egunetan zehaztuko dute.
Legazpiko hitzordu honen antolatzaileek herriko udalaren laguntza eskertu nahi dute, txapelketa aurrera eramateko baimenak errazteagatik. Ibilbideak muntatzen eta desmuntatzen, puntuazioen kontrolean eta partaideentzako anoan lagundu zutenak ere ez dituzte ahaztu nahi.
Erreleboa Euskadiko ordezkaritzan
Txapelketa honen baitan, bestalde, Aitor Martinezek ofizialki jakinarazi zuen Euskadiko Arku-Ehizako Ordezkaritzan egingo den erreleboa. Aurrerantzean, orain arte Gipuzkoako ordezkari izan den David Guerreiro legazpiarra izango da Euskadiko ordezkaria, “ehiza modalitate honen hazkundea eta parte hartzea bultzatzen jarraitzeko konpromisoarekin, baita lurraldekako federazioan eta arku ehiztarien arteko lankidetza indartzeko ere”.
Ordezkari berriak eskertu egin zuen azken urteetan Aitor Martinezek egindako lana, eta zaletuak animatu egin zituen txapelketetan parte hartzera eta proba gehiago antolatzera, “arku ehizaren hazkundea kolektibo osoaren inplikazioaren menpe” dagoela gogoratuz.
Arku-ehiza euskal ehiza jardueraren barruan erabat integratuta dagoen modalitatea dela, eta geroz eta indartsuago dagoela ere esan zuen, “kirolaren, prestakuntzaren, segurtasunaren eta ingurune naturalarekiko errespetuaren alde eginda”.

Arku tradizionaleko podiuma, Mikel Aranzabal txapelduna erdian dutela.

Arku konposatuko podiuma, eta Andoni Osa txapelduna erdian














