Produktu turistikoak egonkortu eta Goierri eskualdearen promozioa izango da Goiturren lan lerroa. Madrilgo Fitur azokan izango dira datozen egunetan
Goitur Goierriko turismo agentziak 2018rako turismo egitasmoa aurkeztu du. Horren barruan, urte honetarako helburu nagusiak, helburuak lortzeko ardatzak eta eskualdeko produktu turistikoak zehaztu ditu. Pasa den urteko datuen arabera, 90.000 bisitari pasa ziren Goierri behean dauden bederatzi turismo bulegoetatik, eta aurten ere, kopuru horri eutsi edota gainditzea izango da Goiturren erronka.
Goierrik urtean zehar jasotzen dituen bisitari gehienak Kataluniatik eta Madrildik etorritakoak dira; azkeneko urteetan, Valentziatik etorritakoek ere gora egin dute. Atzerritik datozenen datuek diote frantsesak eta ingelesak direla eskualdea gehien bisitatzen dutenak. Atzerritarren artean joera aldaketa bat ere nabarmendu dute; 2017an, Herbeheretatik eta Eskandinabiatik etorritako turistek nabarmen egin dute gora.
Bi izango dira helburu nagusiak; Goierriko antolakuntza eta dinamizazioa batetik; natura eta gastronomiazko produktu turistikoak eta zerbitzuak egonkortuz, eta
Idiazabal Lurraldea eta
Basque Highlands ekimenak sendotzen jarraitu. Eta bestetik, Goierri eskualdearen promozioa eta komertzializazioa landuko dituzte.
Hiru ardatz
Finkatutako helburuak lortzeko, Goiturren kudeaketaren inguruan garatuko diren ardatzak hiru izango dira: lehiakortasuna, Produktu-zerbitzuak eta promozioa eta komertzializazioa.
Lehiakorragoak izateko, turistentzat laguntza zerbitzu berri bat jarri dute martxan.
Call center horrek, urteko 365 egunetan ematen du zerbitzua eta telefono zenbaki horretara deituta, Goierriko informazioa jasoko dute erabiltzaileek; produktu turistikoen inguruko informazioa, lo egiteko aloxamenduei buruzkoa edota gastronomia arlokoa, besteak beste.
Produktu-zerbitzuei dagokionez, orain arteko eskaintza sendotzen jarraitzea eta aukera berriak sortzea izango da Goiturren lan lerroa. Aisialdia eta naturarekin erlazionaturiko bi produktu turistiko izango dira aurtengo nobedadeak: Lizarrustiko abentura parkea eta Zegamako orientzaio zirkuitua.
Hirugarren ardatza, promozioa eta komertzializazioari dagokionea, Goierri eskualdeari bisibilitatea emanez landuko dute; turismo azoketan eta komunikatzeko plataforma desberdinetan presentzia izanez.
Fitur azokan
Goierri eskualdea turismo aukera bezala komertzializatzea ardatz hartuta, aste honetan Madrilen egingo den Fitur 2018 azokan, izango da Goitur turismo agentzia. Niko Osinaldek, Goiturreko zuzendariak adierazi duenez, «harremanak berriak egin eta orain artekoak sendotzea» izango da egunotako helburua. Fitur, turismo arloko azoka garrantzitsua da eta Goierrik bertan presentzia izatea beharrezkotzat jo du Osinaldek.
Madrilekoaz gain, beste hainbat azokatan ere izango da Goierri eskualdeko produktu turistikoa, Aste Santura bitarte: Iruñean egingo den Nabartur azokan, Bilboko Gustoko azokan, Donostiako Sebaturren eta Bartzelonan, Vic herrian egingo den Mercat del Ramen ere izango baitira. Azken horretan, gainera, aurreneko aldiz izango da Goierriko ordezkaritza.