Aurrera doaz Errekarte baserria eraisteko lanak
Goizeko 09:00etan hasita, hondeamakinak Errekarte baserria eraisten ari dira. XVI. mendeko eraikina da, eta Beasaingo herrigunean gelditzen den baserri bakarretakoa. Auzotarren artean ere jakin mina piztu da, eta asko izan dira eraiste lanak bertatik bertara jarraitu nahi izan dituztenak; «pena» hitza aipatzen zuten gehinek.
Beasaingo Udalak Errekarteko eremu horretan, 114 etxebizitza egiteko proiektua du esku artean. Aurretik ordea, arkeologoek ikerketa lana egingo dute bertan.
Amiantoarekin kezka
LAB sindikatuak kezka agertu du, eraisten ari diren eraikineko estalpe batean, amiantoa dagoelako. Sindikatuaren esanetan, Osalanekin eta Lan Delegaritzarekin harremanetan jarri ondoren, jakin dute “amiantoa erretiratzeko baimenik eskatu gabe” hasi dituztela lanak; hori dela eta salaketa jarri dute lan delegaritzan, lanak geldiarazi eta beharrezko prebentzio neurriak har ditzaten.
Udalak, bere aldetik, eraiste lanak egiten ari den enpresarekin harremanetan jarri dela, eta “kasu hauetan eman beharreko pausoak ematen” ari direla azaldu du.