Karra Elejalde eta Olarra Upategia "oso harro", Beasaingo Odolkiaren ohorezko kofradiakide izendapenarekin
“Oso harro, eta oso eskertuta” azaldu dira Beasaingo Odolkiaren Ohorezko Kofradiakide berriak: Karra Elejalde aktorea eta Olarra Upategia. Loinazko San Martin egunean, Beasaingo Odolkiaren kofrafiak 33. kapitulua ospatu du.
Goizean Igartzatik Erauskin plazaraino desfilea egin dute Musikako Eskolako txistularien eta bandaren laguntzarekin. 23 kofradia elkartu dira. San Martinen estatuan aurreskua dantzatu ondoren, lore eskaintza egin du Beasaingo Odolkiaren Kofradiako kide den Martin Urkiolak. Handik elizara joan dira, meza nagusira.
12:00etan, plaza azpian egin dute ekitaldi nagusia, Beasaingo Batzokia kultur elkarteak eta Institutuko ikasleek prestatutako odolki pintxoen usaina lagun zela. Karra Elejaldek eta Olarra Upategiko arduradunek zin egin dute, hitz eman dute eta konpromisoa hartu dute, Beasaingo Odolkiaren zaindariak eta sustatzaileak izango direla. Odolki sortaren kolpeak hartu dituzte jarraian.
Esker hitzak
Bi protagonistek hitza hartu dute jarraian. Karra Elejalderen esanetan, “oso harro nago, nirekin kontatu duzuelako horrelako hain ona den produktu honen ohorezko kofradiakide izateko. Munduko odolkirik onena egiten den lekuan nago”. Dena den, zehaztasun bat ere egin nahi izan du: “Guk aktoreok, ez dugu testua asmatzen, gidoi egileek baizik. Borja Cobeaga y Diego San Jose idatzi zuten. ‘Ocho apellidos vascos’ filman Beasaingo odolkia hobea dela beraiek idatzi zuten.
Olarra Upategikoak ere gustura zeuden izendapenarekin. “33 urte daramatzagu Beasaingo Odolkiaren kofradiarekin eta ohorea da, bihotzeraino iristen zaigu, Gure ardoa eskaintzera joaten garen tokietan, Beasainen eta odolkiaren izena eramango dugu”.