Antzizar Kiroldegiko rokodromoa berritu dute. Tarrago enpresak egin ditu lanak. Bi ezaugarri nagusi ditu: bi altuera eta leihoa edukitzea. Arrastakakoak oso gustura daude
Beasaingo Antzizar Kiroldegiko rokodromoa berritu eta erabiltzeko prest dago dagoeneko. Ostiralean egin zuten aurkezpena, udal ordezkariak, Arrastaka mendi taldeko eskalatzaileak eta rokodromoaren egileak bertan zirela. 2017an EH Bilduk udal aurrekontuari egindako ekarpenen artean zegoen rokodromoa berritzearena, eta Aitor Aldasoro alkateak aurkezpenean eskerrak eman zizkion EH Bilduri «ideia botatzeagatik» eta Tarrago etxeari, «proiektua gauzatzeagatik». 50.000 euroko inbertsioa egin dute bertan. Elena Ruiz Kirol zinegotziaren esanetan, Arrastakako eskalatzaileen eta eskolen iritzia eta ekarpenak jasota, «Tarrago enpresa iruditu zitzaigun zela gure helburuak ondoen betetzen zituena».
David Tarragoren esanetan, «bakarra» da Beasaingo rokodromoa: «Espazio bakarrean altuera bikoitza du. Espazioak zuen altuera aprobetxatuz, boulderraren gainean altuera bikoitzeko gunea sortu dugu». Boulderraren gaineko eskaladan lehenengo urratsak egiten ari direnentzako prestatuta dago eta boulderra bera, esperientzia gehiago dutenentzat. «Boulderra sokarik gabe eskalatzeko gunea da. Eskalada asko aldatu da azken 20 urteetan eta hori da azkeneko moda. Gaur egun, boulderra erabiltzen da. Sokarik gabeko eskalada da, altuera handirik ez du eta gainera babestuta dago», zehaztu du. Bigarren berezitasuna, boulderraren barruan jarritako leihoa da. «Leihoa sartu diogu. Etxe batean eskalatzen ariko bazina bezala, eta ez kobazulo batean», dio Tarragok. Argia sartzeko helburua ere badu leihoak.
Hirugarren zati bat ere badu rokodromo berriak: paretan gora, sokekin eskalatzekoa.
Tarrago gustura gelditu da egindako lanarekin. «Beasainek merezi zuen berregituraketa oso bat. Ausartzen naiz esatera, sei hilabete baino gutxiagoan hau beteta egongo dela.Gainera, Olinpiar Jokoa izango da eskalada eta gero eta indar gehiago hartzen ari da».
«Altuera aprobetxatuz boulderraren gainean
altuera bikoitzeko gunea sortu dugu»David Tarrago (Rokodromoaren egilea)«Beasaingo eta eskualdeko
eskalatzaileen topagunea izango da»‘Mali’ Kortaberria (Arrastaka taldeko lehendakaria)
Rokodromoa gris, txuri eta hori kolorez margotu dute, Leire Gurrutxagak diseinatuta. Antzizar Kiroldegiko logotipoaren koloreak hartu ditu oinarri diseinatzeko garaian, eta forma geometriko eta kolore desberdinekin, rokodromoaren bolumenak nabarmentzen saiatu da.
Arrastaka mendi taldeko eskalatzaileak aurkezpenean izan ziren rokodromoa estrenatzen eta «oso gustura» daude emaitzarekin. Jesus Mari Kortaberria Mali Arrastaka Mendi Taldeko lehendakariaren esanetan, «guk taldean egiten ditugun hainbat ekintzetarako oso ondo etorriko zaigu». Gainera, ziur dago Beasaingo rokodromoa «Beasaingo eta eskualdeko eskalatzaileen topagunea izango» dela.
Sarrerak eta baldintzak
Rokodromoaren erabilpenari dagokionean, Ruiz Kirol zinegotziak nabarmendu zuenez, Antzizar Kiroldegiko bazkideek dohainik erabili ahal izango dute rokodromoa; bazkide ez diren helduek, berriz, 5,75 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek helduen erdia. 20 sarrerako abonua ere eskuragai egongo da: helduek 60 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 30. Rokodromoan ibili ahal izateko derrigorrezkoa da federatuta egotea eta 16 urtetik beherakoek heldu batekin joan beharko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.