Jende ugari hurbildu da Olaberrira, XVIII. Herrialdeen eguna ospatzera
Olaberriko frontoia jendez bete da eta bertaratu direnek hainbat herrialdetako jakiak eta edariak dastatzeko aukera izan dute
XVIII. Herrialdeen eguna ospatu dute gaur Olaberrian, beste urte batez. Kultur astearen harira antolatu dute ekitaldia, eta 13:00etatik aurrera herrialde ezberdinen gastronomia ezagutzeko postu ugari ipini dituzte herriko frontoian. Marokoko musika entzuteko eta henna tailerrean parte hartzeko aukera ere izan dute inguratu direnek.
Besteak beste, Marokoko eta Errumaniako jakiak dastatzeko aukera izan da bertan. Beste herrialdeetako kulturak hobeto ezagutzeko aukera emateaz gain, Euskal Herriko produktuak probatzeko aukera ere egon da, eta baita sagardo dastaketa ere.
Martxoaren 18ra arte iraungo du Kultur asteak, eta ekitaldi ugari egingo dituzte gaurkoaz gain: munduko jolasak, garagardoa egiten ikasteko tailerra, emakume langileen nazioarteko eguneko bazkaria eta VIII. paleta larruzko Goierriko kopa finala esate baterako.