Gazteak nagusi, Iparra-Hegoraren atarikoan
Euskal Herriko gazteak gai hartuta bi hitzaldi egingo dituzte gaur eta bihar. Lekorneko ikastolako ikasleak Seguran dira. Ostegunean bertso afaria dago Arzallusekin eta Zubeldiarekin
Seguran, ume hots handiagoa da atzoz geroztik; Iparra-Hegoa hasi denaren seinalea izaten da Iparraldeko haurrak Seguran izatea. Atzo iritsi ziren Lekorneko 17 haur eta bi irakasle Segurara. Laiotz Herri Eskolako haurrekin batera, ekintza ugari egingo dituzte bi egunotan.
Euskal Herriko gazteak protagonista izango dituen hitzaldi sorta ere atzo hasi zen. Gaur, 19:00etan, kultur etxean, gazteen arazo sozialak (lana, etxebizitza, drogak, euskara, genero indarkeria…) izango dituzte hizpide. Horretarako, Aitor Servier (Antzina), Endika Perez (LAB gazteak) eta Maider Galardi (Eta Kitto aldizkaria) izango dira hizlari, Maddi Ane Txoperenak gidatuta. Bihar, berriz, gazteen arteko topagunea izango dute solaserako gaia, Ellande Alfarok, Argitxu Etxandik, Eñaut Arretxek eta Urko Ruiz de Apodakak, Maide Idiederrek gidatuta.
Ostegunean bertso afaria
Lehenengo hiru egunetako hitzaldien ondoren, ostegunean, bertso afaria izango da ekitaldi nagusia, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariekin. 19:30-ean bertso eta kantu poteoa egingo dute eta 21:30ean, bertso afaria, Eneko Araiztegi eta Jon Iturrioz gai jartzaileen esanetan. Txartelak salgai daude Elorripen.
Baionako Lizeoko ikasleak
Bestalde, ostegunean iritsiko dira Baionako Etxepare Lizeoko ikasleak Segurara. Iparra-Hegoako ekitaldietan parte hartzearekin batera, Irizar lantegia eta Goierri Eskola bisitatuko dituzte. Segurako gazteekin hainbat ekintza egingo dituzte.













