Bonnet suitzarra eta Dewalle frantziarra nagusitu dira kilometro bertikalean
Ainhoa Sanz urretxuarra laugarren izan da, podiumetik 66 ehunenera. Junior Traileko irabazleak Nicolas Molina andaluziarra eta Ane Iturria tolosarra izan diraRemi Bonnet suitzarra eta Christel Dewalle frantziarra nagusitu dira Zegamako kilometro bertik...
Ainhoa Sanz urretxuarra laugarren izan da, podiumetik 66 ehunenera. Junior Traileko irabazleak Nicolas Molina andaluziarra eta Ane Iturria tolosarra izan dira
Remi Bonnet suitzarra eta Christel Dewalle frantziarra nagusitu dira Zegamako kilometro bertikalean. Ainhoa Sanz urretxuarra laugarren izan da, podiumetik 66 ehunenera.Kilometro bertikala, urteroko moduan, ostiralean jokatu zen. Ekaitz arriskua zela eta, antolatzaileek ibilbidea aldatu zuten. 800 metroko desnibela izan zuen. Ez ziren Irauleraino igo: Itzubiagan jarri zuten helmuga.
Gizonezkoen artean, Bonnet nagusitu zen. 31 minutu eta 24 segundo behar izan zituen. Bigarren postuan Oriol Cardona sailkatu zen eta hirugarrenean Imanol Goñi bizkaitarra.
Emakumezkoei dagokienez, Dewalle-k 37 minutu eta 36 segundo behar izan zituen. Bigarren postuan Emma Pooley sailkatu zen eta hirugarrenean Jessica Pardin. Ainhoa Sanz urretxuarra laugarrena izan zen, hirugarrenetik 66 segundo-ehunenera. Podiuma oso gertu izan zuen, beraz.
Sanz oso gustura ageri da. «Sorpresa bat izan zen niretzat. Ez nuen espero halako emaitza ona lortzea. Lehen aldiz parte hartu dudanez, ez nekien zein postutan sailka nintekeen eta lehen hamarren artean ibiliko nintzela esan zidaten».
Podiumetik hain gertu gelditzea pena izan da. «Onenen taldean atera nintzen eta talde horretako hirugarrena izan nintzen. Hala, podiumera igoko nintzela uste nuen. Baina beste taldeko batek nirea baino denbora hobea egin zuen. Dena den, ezin diot nire buruari ezer leporatu: dena eman nuen. Helmugara heldu nintzenean, taldekide batek sekula ez didala horren gaizki ikusi esan zidan».
Junior Trail
Junior Trailari dagokionez, mutilen artean Nicolas Molina andaluziarra nagusitu zen, Anartz Artola hernaniarraren eta Arnau Cases kataluniarraren aurretik.
Emakumezko onena Ane Iturria tolosarra izan zen, Jana Aguilar eta Andrea Sinfreu kataluniarren aurretik. Mendiko lasterketetan ere Euskal Herriak harrobi bikaina du.












