Goierri garaiko dendariek erakusleihoak paper beltzez estaliko dituzte
Dendak itxiko balira kaleak nola geldituko liratekeen irudikatu nahi dute. Helburua erosketak herrietako dendetan egitera bultzatzea da. Erakusleihoak astelehenean desestaliko dituzteGoierri garaiko merkatari gehienek erakusleihoak paper beltzez estali...
Dendak itxiko balira kaleak nola geldituko liratekeen irudikatu nahi dute. Helburua erosketak herrietako dendetan egitera bultzatzea da. Erakusleihoak astelehenean desestaliko dituzte
Goierri garaiko merkatari gehienek erakusleihoak paper beltzez estaliko dituzte, herriak dendarik gabe nola geldituko liratekeen irudikatzeko eta erosketak herrietan egitera bultzatzeko.Kanpaina hau BiTartean eta Ilinti merkatari elkarteek eta Merkataritza Bulego Teknikoak bultzatu dute, eta elkarteetako kide ez diren merkatariei ere parte hartzea eskaini zaie.
Erakusleihoak gaurtik astelehen eguerdira bitartean egongo dira estalita. Gainera, gauez ez dituzte erakusleihoetako argiak piztuko eta kontzientziazio kartelak jarriko dituzte: Salgai, Hau al da nahi duzuna?, Gu bagoaz… Ostalariek ez dituzte leihoak estaliko, asteburuan baitute lan gehien, baina kartelak jarriko dituzte.
Astelehen eguerdian erakusleihoak desestaliko dituzte eta beraiengan konfiantza duten bezeroei zuzendutako esker oneko mezuak jarriko dituzte: Herrian bizi, herrian erosi, Batak bestearen beharra dugu, Bizitza ematen diogu herriari…
Azkenaldian hainbat dendarik Merkataritza Bulego Teknikora jo dute, egungo «egoera kritikoaz» kezkatuta. Merkataritzako Bulego Teknikoko Maria Pavonek dendariak kezkatuta daudela dio. «Merkatari askok egoera kritikoa bizi dutela esan digute eta denda kopuruak behera egin du azken urteetan. Hori dela eta, gure herriak dendarik gabe nola geldituko liratekeen irudikatu nahi dugu».
Merkatari gehienek parte hartuko dute kanpaina honetan. «BiTartean eta Ilinti elkarteetako merkatari guztiek parte hartuko dute. Elkarteetako kide ez direnei ere gonbita luzatu diegu eta ondo erantzun dute. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan baino hobeto. Legazpin 110 merkatari, ostalari eta zerbitzu bulegok parte hartuko dute eta Urretxun eta Zumarragan 170ek».













