Badator 103. Ordiziako Klasikoa, 19 talderekin
Uztailaren 25ean 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak Ordiziako Gudarien Etorbidetik. World Tour mailako lau taldek hartuko dute parte: UAE, Movistar, Astana eta Jayco Alula.
Asteazken goizeko aurkezpeneko irudia, Ordiziako udaletxean. Izaro Villarreal Lasterketa soila baino gehiago da nazioarteko egutegian mende oso batez bere tokia sendotzen jakin duen Ordiziako Klasikoa. Ekitaldi historikoa da, eta ez bakarrik ordiziarrentzat; Euskal Herriko txirrindularitza-proba entzutetsuenetako bat da, eta datorren uztailaren 25ean itzuliko da Ordiziara. Txapel Gorriko antolatzaileek lanak eginak dituzte dagoeneko, eta atzera kontaketan sartuak dira.
Larunbatarekin batera, 10:00etan abiatuko da 132 txirrindulariko tropela Gudarien Etorbidetik, aurretik, 08:45tik aurrera, txirrindulari taldeen aurkezpena egin ondoren. 103. edizioa jokatuko da aurten, eta iazko ibilbide bera mantenduko dutela jakinarazi du Joxean Etxezortu ekimenaren zuzendariak gaur goizean udaletxean egindako aurkezpenean. 5 itzuli berdin egingo dituzte Abaltzisketako igoera tradizionalarekin, eta iaz bezala, Larraizko jaitsieraren erdian, Zaldibiarako bidean eskuinera egin eta Gaintzara hartuko dute txirrindulariek. Gaintzako jaitsiera hori «teknikoa bezain azkarra» dela aurreratu du. Aurtengoan ere, beraz, ez dute Altzo igoko.
Aurtengo babesle ofizialean ere ez da aldaketarik egongo, eta Rural Kutxa izango da. Bertako ordezkari den Ander Justo ere izan da aurkezpenean, bai eta Ordiziako alkate Adur Ezenarro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Roberto Ramajo eta Diario Vascoko erakunde harreman eta babesletzen arduradun Iosu Larrarte. Denek ala denek azpimarratu dute ezaugarri bera: halako ekimen baten atzean bolondresek egiten duten lan desinteresatua, eta Txapel Gorriko kideen inplikazioa. Ezenarrok, gainera, ordiziarrentzat probak berak duen “garrantzia emozionala” azpimarratu du.
132ko tropela, 19 taldetan
Etxezortuk, bere aldetik, aurtengo edizioaren xehetasunak azalerazi ditu. Taldeei dagokienean, azkenean hemeretzi talde izango dira irteera puntuan: lau World Tour mailakoak, zortzi ProTeam eta zazpi Kontinental mailakoak. Izen aipagarrien artean ondorengoak daude: UAEtik Igor Arrieta iazko irabazlea eta Italiako Giro-n etapa bat irabazi duena, Jhonatan Narvaez Italiako Giro-n hiru etapa eta Suitzako Tourrean etapa bat irabazi dituena, eta iaz hirugarren postua eskuratu eta aurten dagoeneko lau karrera irabazi dituen Antonio Morgado; Jayco Alulatik, berriz, Alessandro Covi eta Anders Foldager; Movistarrekin Jon Barrenetxea, eta Astanarekin, azkenik, Diego Ulissi eta Guillermo Silva.
ProTeam taldeen artean ere ondorengoak azpimarratu ditu Etxezortuk: Caja Ruraletik Fernando Barcelo eta Gorka Sorarrain; Burgos BH-tik Jesus Herrada; eta Euskaltel-Euskadirekin, berriz, Xabier Berasategi Garmendia olaberritarra eta Jonathan Lastra. Goierritarren artean ere, Berasategiz gain, izango da ordezkari gehiago: Nicolas Alustiza zumarragarra Euskaltel-Euskadirekin eta Alex Diaz urretxuarra Caja Ruralekin.
Emisioa eta esker ona
EITBn eta ETB On plataforman zuzenean ikusteko aukera egongo dela aurreratu du Etxezortuk, eta berrikuntza bezala, aurtengoan ere beste hiru plataforma gehiagotan izango direla gaineratu du: FloSports (Estatu Batuak), TV Kanal1 (Eslovakia) eta Proximus (Belgika).
Gainerakoan, alkateak herritarrak eta bisitariak uztailaren 25ean Ordizian izango den giroaz gozatzera gonbidatu ditu: «Ordiziako zaleen babesari esker, Ordiziako Klasikoak bere nortasunari eusten dio eta nazioarteko egutegian erreferente izaten jarraitzen du».













