Ezkioko Igartubeiti museoak eta Donostiako Untzi museoak elkarlanean egin dute Areago. istorioak belarrietara ipuin laburren lehiaketako laugarren ekitaldiaren deialdia. Lanak aurkezteko epea ekainaren 15ean itxiko dute.
Deialdiaren helburuak idazketa euskaraz sustatzea eta zabaltzea dira. Aurtengoan haur ipuinen generoa bereziki bultzatu nahi dute. Bide batez, kultur ondarearen inguruko lan berriak zabaltzeko eta parte hartze zein esperimentazio gune berriak sortzeko grina daukate.
Oraingoan gaiak baserria eta itsasoa dira. Izan ere, Erdi Aroaren amaieran arrantzak gora egin zuen eta orduan sortu zen baserri dolarea. Dolareek lantegi handien eran funtzionatzen zuten eta, tokiko kontsumoaz gain, arrantza itsasontziak ere sagardoz hornitzen zituzten.
Handiaren Lagunak Challenge-a
Igartubeitin ikusgai dago, bestalde,
Handia filmaren grabazioan, baserri museoan egin zuten ataleko hainbat argazki. Erakusketa abuztuaren 31ra arte ikusgai egongo da, eta haren harira sare sozialetan argazkiak partekatzeko gonbidapena egin dute Igartubeitikoek. Handiaren Lagunak Challenge-a deitu diote lehiaketari. Informazio osoa
igartubeiti.eus webgunean dago. Irabazleak museoko dendako produktu bete saski bat jasoko du abuztuaren 31ko sari banaketan.